Pasa den igande goizean Erramu Bedeinkapenarekin eman zioten hasiera Aste Santuari hainbat azkoitiarrek. Datozen egunetarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Apirilaren 1ean, asteazkena, prozesioko irudiak eramango dituzte parrokiara, eta haiek eramateko prest dauden boluntarioek kantzelara jo dezatela eskatu dute parrokiako arduradunek.
Apirilaren 2an, osteguna, bisita gidatuak egingo dituzte parrokiara, eta ostiralean, Azkoitiko gune historikoetara joango dira, herriko ondarea ezagutzeko. Bi egunetako bisitak Juan Bautista Mendizabalek zuzenduko ditu.
Ostegunekoa 12:30ean izango da, eta Parrokiaren nondik norakoak ezagutzeko izango da, eta bide batez Aste Santuko irudiak ere aztertuko dituzte. Interesatuek bertara agertzea nahikoa izango dute, esandako ordurako. Horrez gain, otoiz aldiak ere egingo dituzte egunean zehar.
Ostiralekoa ere 12:30ean hasiko da Eliz ataritik abiatuta. Azkoitiko gune historikoa ezagutuko dute bertaratutakoek, herriko monumentu esanguratsuak bisitatuz. Arratsaldean, eliz ospakizunak eta prozesioak izango dira, eta gauez ere prozesioa egingo da Jausoro auzoko ermitara.
Larunbat eta igandean, Pazko gau beila parrokian eta Pazko eguneko meza izango dira.