'Bost geltoki historian zehar' ekimena Aste Santuan abiatuko da

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 31a, 14:48

 Bost geltoki historian zehar Urola bailarako produktu turistikoak bere ibilbideari ekingo dio ostegunean, apirilaren 2an, Aste Santua hastearekin batera. Elkarlanean produktu turistiko bat sortu eta bailarako eskaintza turistikoa aberastea da proiektuaren helburua.

Honako hauek izango dira bisitatuko dituzten gune nagusiak: Algorri naturaren ezagutza etxea (Zumaia), Ekainberri (Zestoa), Lili jauregia (Zestoa), Burdinbidearen euskal museoa (Azpeitia) eta Loiolako santutegia (Azpeitia).

 

Iraurgi Lantzen Urola Erdiko garapen agentzia eta Urola bailarako aisia eta turismo arloko bost eragileren artean antolatu dute Bost geltoki historian.  2009. urtean hasi ziren, eta aurten zazpigarrengoz antolatu dute jarraian.

2012.urtean berrikuntza garrantzitsu batekin aurkeztu zuten ekimena bailarako lau ostalaritzako establezimendu batzean. Museoak bisitatuz historian zehar eta bailaran barna egitea proposatzen duten bidai horri, osagarri gastronomikoa erantsi nahi izan zioten, antolatzaileen esanetan "jateko eta edateko biltzea gure izaeran sartuta dagoen fenomeno bat delako".

2013an, berriz, Lili jauregia, Agur Lili bisita gidatu antzeztua txertatu zuten proiektuan Zuloaga Museoaren ordez. 

Hogei km-ren barruan kokatutako leku horiek bisitatuaz, publikoari bidaia bat egiteko aukera eman nahi zaio, bi zentzutan; bidaia geografikoa alde batetik, Zumaiatik Azkoitiraino Urola bailara zeharkatuz, eta bidaia historikoa bestetik, historiako zenbait aro, funtsezko pertsonaia edo une interpretatuz eta bertatik bertara ezagutuz. Horretarako, forfaita eskuratu daiteke, 12 euroren truke. Eta forfait horrekin honako hau eskuratu ahal izango da: museo bakoitzera sarrera eta taberna bakoitzean pintxo bat eta edari bat hartzeko aukera 2 euroren truke. Apirilaren 2tik abenduaren 8ra artekoa da forfaitaren balioa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide