Azkoitiko ondarea eta nortasuna azaltzeko panelak eta plakak

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 28a, 13:00

Guztira hiru panel jarriko dituzte, eta haietako bat Herriko plazan.

Udalak Azkoitiko ondarea eta azkoitiarren nortasuna islatuko dituen kontaketa osatu du istorio batean, eta hainbat euskarritan erakutsiko du. Apirila hasieran jarriko dituzte panelak herriko hiru gune nagusitan: Herriko plazan, Eliz atarian eta Balda plazan.

Paneletan Juan Bautista Mendizabalen testuak daude idatzita, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Istorioa herriko pertsona ospetsuen bitartez kontatzen da (Jorge Oteiza, Peña Floridako Kondea, Atano III.a, besteak beste), haien arteko elkarrizketa, eztabaida eta kontaeretan oinarrituta.

Arduradunen iritziz, herritarrentzat nahiz kanpotik etortzen direnentzat “panelak oso baliagarriak izango dira, herria beste modura batean ezagutzeko eta, gainera, Azkoitia bisitatzeko ibilbidea zehazten lagunduko dute”. Panelez gain, esku orri gidak ere eskuragarri egongo dira udaletxean nahiz turismo bulegoan.

Bestalde, urdin koloreko 24 plaka jarriko dituzte herriko eraikin esanguratsuenetan. Plakek eraikin bakoitzaren informazioa jaso dute, eta modu horretan, Azkoitiko historiaren pasarteak jasoko dituzte. Eraikin edo pertsonaien istorio eta nondik norakoak kontatzeko hiru balore hartu dira kontuan: nortasuna, lehiakortasuna eta ekintzailetasuna.

Zarauzko Arazi zerbitzu-enpresak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean egindako proiektua da, eta enpresako zuzendari Juanjo Aranburuk azaldu duenez, nahi duenak sakelako telefonotik ere informazioa deskargatzeko aukera  izango du QR kodearen bitartez. Proiektuak, guztira, 8.000 euroko kostua du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide