Urola Gustagarri ekimena aurkeztuko dute larunbatean

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 27a, 11:27

Argazkia: Urola Gustagarri

III. Urola gustagarri herri ekimenaren aurkezpena izango da larunbatean 12:00etan herriko plazan. Martxoaren 19an abiatu zen eta apirilaren 19ra bitartean, hainbat herritan ekintza ugari antolatu dituzte. 

 

Larunbatean, azkoitian izango da, eta bertan, Labeldun okela, sagardoaren degustazioa eta haurrentzako gaileta tailerra egongo dira, besteak beste. Haurrentzako gaileta tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Gazte Informazioan edo ludotekan, ostiraleko 20:00ak bitartean.

Urola Erdiko produktuak balioan jarri, eta horretarako jarduera ekonomikoa sustatzea du helburu ekimenak, turismo jardueraren bidez. Oraingoan, Euskal Okela (txahala) eta behi esnea izango dira landuko dituzten produktuak.

Iraurgi Lantzen, Urkome eta Euskadi Gastronomika antolatzaileek “bertakoa” sustatu nahi dute Urola Gustagarriren bidez. Hau da, produktuak eta ekoizleak, euskal sukaldaritza, baserriak eta ustiategiak eta azokak indartzea dute helburu. Antolatzaileen bidez, bailarako produktuak balioan jarri eta bertako sukaldariek “trebetasun handiz” prestatutako menuekin, bisita bereziekin eta dastaketekin, aisialdi eta turismorako “eskaintza paregabea” sortu dutelakoan dira, “lehendik eskualde honek duen eskaintza turistiko oparoaren osagarri edo gehigarri”.

Hirugarren edizioarekin batera, www.urolagustagarri.eus bloga martxan jarriko dute, eta ekimenaren eta bailarako ekintzen berri emango dute han.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide