Aitor Arruti Rezabal: Aukeratu gaituen bizimodua

Aitor Arruti Rezabal 2015ko mar. 3a, 06:37

Adarrak hausi beharrean

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-47

Gure bizimodua guk geuk aukeratu dugula esaten digute, eta sinetsi egiten dugu askotan.

Baina, nik aukeratu al dut eskuan telefono mugikorrik izan gabe nagoenean urduri ibiltzea, whatsappeko elkarrizketa guztiei erantzun behar animala sentitzea, mezu elektronikoei aurrez-aurreko elkarrizketa baino garrantzi handiagoa ematea ala bizitza osoa lehiaketa bat izango balitz bezala antolatzea?

Hori ez da parte onekoa jende normalaren artean; edo ez luke izan behar komunikazioa elkarrekin bizitzea dela konturatzen den jendearentzat.

Gero eta abiada handiagoan bizi gaitezkeela erakutsi nahi diogu geure buruari, inguruari eta munduari orobat. Horretarako gai sentitzen gara, gai gara eta gai izan behar dugu, ze arraio. Ondokoa baino motelagoa izango al naiz ba ni?

Lana baldin badut, prestuena izaten saiatuko naiz horretan. Zergatik ez ba? Ez ote naiz ba ni horretarako eta gehiagotarako gai?

Etxea baldin badut, ederrena izaten ahaleginduko naiz. Nolatan ez ba? Ez ote naiz ba ni denei erakusteko moduko bizilekua edukitzeko gauza?

Umea baldin badut, neu izango naiz eguzkiaren azpian den umerik bizkorrenarentzako gurasorik ahaltsuena. Zer ba? Ez ote naiz ba ni gure gurasoak baino askoz ere aita-ama hobea?

Horren guztiaren harira, zer pentsa jar gaitzake Maider Leundak Hitzara idatzitako gutunak, eta, are zuzenago, Xabier Iribarrek idatzi zion erantzunak.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide