Gezurretero, gezurreterue. Gezurtero, gezurterue. Gezurrak esaten dituena.
Ustekabean iritsi gara. Hiru hilabete pasatxo falta dira udaletarako eta Batzar Nagusietarako hauteskundeen bozketa-egunerako; hauteskunde-kanpainaren hasiera maiatzaren 8rako finkatu dute, baina nahikoa da postontzia zabaltzea edo telebista eta irratia piztea boto-ehiza sasoia hasi dutela konturatzeko. Ezustekorik ez, honaino.
Ustez gure alde lanean aritzeko irrikitan dauden politikari profesional, zaletu eta hasiberriek eskaintza, promesa eta agintzariekin konbentzitu nahiko gaituzte berriz, lau urtetik behin egiten duten bezalaxe. Eskuorri, iragarki eta oparitxoen bidez etorkizuna desberdina eta hobea izango dela hitza emango digute agintari izan nahi dutenek. Gure boza entzungo dute eta botoa eskatuko digute, eta behin lortuta, hitza jan eta nahi/ahal dutena egingo dute.
Bien bitartean, ustezko ustelkeria kasuak arbuiatuko dituzte, ustezko sagar ustelduak alboratuko dituzte, erakunde ustez justuak defendatuko dituzte eta ustezko eta bidezko gizarte baten aldeko lege zuzenak asmatu eta zuzentasunez aplikatuko dituztela esango digute, guk, ustezko boto-emaileok, nahi dutena egiten uzten diegun bitartean.
Nik neuk, propaganda elektorala edukiontzi urdinera botako dut, baina zer egin telebistaz edo irratiz heldutako mezuekin, diskurtso meharrekin? Uste dut egunero diskurtso hau entzungo dudala, antidoto moduan:
https://www.youtube.com/watch?v=7tj6P--RMWs