Pertsona sentibera bazara, utziozu hau irakurtzeari, horixe duzu onena eta. Jakinaren gainean, beraz, zure begi daude ondorengo paragrafoak.
Holokaustoa, Shoah (Hondamendia) izenez ezaguna, Bigarren Gerra Handian Alemaniako naziek eta laguntzaileek antolatutako etnia batzuen jazarpen eta genozidio sistematikoari ematen zaion izena da.
2005eko azaroaren 1ean, onartutako erabakian, Nazio Batuen Batzar Nagusiak urtarrilaren 27a izendatu zuen Holokaustoaren Nazioarteko Oroimen egun, egun horretan, 1945eko urtarrilaren 25ean Auschwitz-eko heriotza-esparrua askatu baitzuen Armada Gorriak, AK-47ez horniturik.
2013an hil zen Kaláshnikov jauna, AK-47aren sortzailea, hain zuzen ere. Militarraren hitz ezagunenak hemen ere gogoan nahi ditut: “Nire bizitza nire lana da, eta nire lana nire bizitza da. Eraso-fusil hau nire herria defendatzeko asmatu nuen. Gaur egun harro nago askatasunaren sinonimoa izateaz askorentzat”.
Kaláshnikov-ek lehen AK-47a ekoitzi zuenetik gerrarako teknologiak izugarrizko hazkundea egin du. Are gehiago, Teknologiak urrats handitan aurrera besterik egiten ez duen sasoian bizitzea fortunatu zaigu. Soziologoek aipatzen dute lan-merkatuan garatutako aurrerapauso eta teknologia-mudantzak gero eta azkarragoak izango direla, eta krisiak enplegua galdu duten edo aurkitzen ez duten pertsonengan nabarmenago egiten du aldaketarako gaitasun-eza.
Egoera berri hau ez da langabeziaren zuztarra, noski, Krisi Osoa (globala) den itzeleko kaleidoskopioko beste ispilu bat baizik. Akuilatzailea, lerro artean edo airean adierazita antzemanik ez bada oraindik ere, beste iturri batetik dator: Ekonomiatik.
Gure Sistemaz ari naiz, aspalditik ezarrita dagoen Sistemaz, eta, hortaz, Sistema auto-irauteko eta betikotzeko, Finantza-Krisiak langileak lan-merkatutik bota ditu, baztertu ditu, gizartetik erbesteratu ditu eta existitzen ez balira bezala jokatu du. Gero huskeria-laguntzez eta murrizketen bidez hainbat eskubide kenduz estutu ditu, ito ditu, umiliatu ditu, eta, akaberan, erail egin ditu, euren buruaz beste egitera bultzatu baititu… Ez al da hori, neurri handi batean, kontzentrazio-esparruetan egiten zena?
Ondorioz, egun, teknologia eta ekonomia uztartuz gerrarik gabeko zein Auschwitz gabeko holokaustoak burutzen dira. Hitz gogorrak dirudite, baino are gogorragoa da krisia larrutik ordaintzen ari denaren egoera. Antzekotasuna ez da horretan amaitzen. Ez al da, bada, deigarria Europan Krisiaren kudeatzailetariko bat, bakarra ez bada, Alemania bera izatea? Funtsean gauza bera da, formak dira ezberdinak.
Halakorik egin ahal izateko, noski, ezinbestekoa da gizabanakoak kontrolatzea, non dauden, zer egiten duten, norekin biltzen diren, zertaz ele egiten duten; laburtuz, herritar ororen gaineko informazio zehatza erabiltzea. II. Mundu Gerran Gestapok egiten zuen lan hori; egun, aldiz, telekomunikazio konpainiak omen dira horren betekizungile ezkutuak. ORANGE tankerako enpresak, erraterako -eta bereziki-, zerbitzu merke bezain faltsuak eskainiz bezeroen Datu Pertsonalak hartu, erabili eta saltzen ditu, erabateko inpunitateaz Europan, garai bateko Gestapok bezala.
Ez dut, beraz, hau bihotzean usteltzen laga nahi. Auschwitz itxurako gizarte batean bizi garen sentipena daukat aspalditik; antzekoa (Auschwitz bezain isilpekoa; han gertatzen zena ez zen jakiten; inork ez zuen ikusten, ez zuen usaintzen, ez zuen sinesten), baina modernoagoa (ziberespazioan Hackerrek gerrak eratzen dituzte eta ORANGE gisako enpresa mafiosoak gutaz dena dakite), gauza batean izan ezik, krisiak hilobiratu dituen pertsona kopuruaren gaineko daturik ez argitaratzean.
Kaláshnikov-en AK-47ez lagunduta Armada Gorriak Auschwitz askatu zuenetik teknologiak izugarrizko hazkundea egin du. Egungo europarrok ondotxo dakigu hori, Krisiak lan-merkatuan biluzik laga baikaitu; biluzik eta Kaláshnikov-ik gabe. Hots, Armada Gorria oraingoan ez da etorriko gu askatzera.
https://www.youtube.com/watch?v=O2rRGrxLzsM
HOLOKAUSTOA | FINANTZA-KRISIA | ||
Horrela ere ezaguna | Shoá (Shoah), Helburuzko konponbidea (Endlösung) | Horrela ere ezaguna | Burtsa-Kraka, Kasta-krisia, Helburuzko krisi-konponbidea, Murrizketaldia… |
Kokapena | Europa | Kokapena | Europa |
Garaia | Bigarren Mundu Gerra | Garaia | Gaurkoa |
Delitugileak | Alemaniako Gobernu nazia eta bere estatu laguntzaileak | Delitugileak | MB, Troika, Europa Batuko Bankua, Alemaniako gobernua eta bere estatu laguntzaileak |
Biktimak | Judu-herria, buhameak, homosexualak, adimen-gutxiko pertsonak. | Biktimak | Europako herritar ahulenak |
Kontzentrazio-esparrua | Auschwitz eta beste batzuk. | Kontzentrazio-esparrua | Europa Osoa |
Biktima-kopurua | 6 000 000 judu.Gutxi jota 11 000 000 erail, judu eta beste gizatalde etniko eta ideologikoen artean. | Biktima-kopurua | Zenbateko ezezaguna.Zehatu gabeko hilak eta albo-kalteak milioika langabetu, diru gutxiko, baliabide urriko herritar eta hainbat gizatalde etniko eta ideologikoen artean. |
Juan Karlos Merino
Kaláshnikov I(2015)