Hona Azkoitiko Sarek gaur arratsalderako egindako deialdia:
Gaur 19:00etan eliz ataritik kolore anitzeko soka batek elkar loturiko giza katea izango da GIZA SAREA.
Abenduaren 20an Elkargunean hainbat sentsibilitatetako pertsonen babes zabalarekin hasi zuen bere ibilbidea Sare herritarrak. Herriko kaleak zeharkatu zituen bere lehen mobilizazioan, abenduaren 31ko manifestazio isilean, biderkatu egin zuen parte hartzea. Izandako harrera ona eskertzearekin batera, euskal presoen giza eskubideen errespetua lortze bidean bultzatzen jarraitu beharra azpimarratzen du Sarek. Horretarako GIZA SAREA ekimen berritzailea abiaraziko du.
GIZA SAREA “giza eskubideak defendatzen dituzten pertsona guztien borondateak gehitzen jarraitzeko tresna izango da, bakoitzaren ideologiaz gaindi” baieztatzen dute. “Kolore askotariko sokaz elkartzea izango du xede eta hilero 15 minutuko iraupena izango du. Horretarako soka mutur bat Erdi kalerantz eta bestea Plaza berrirantz abiatuko dira” diote. “Hilero alor ezberdineko pertsonak parte hartzera deituko dute publikoki”, era honetan ezberdinen batuketak izaera zabal eta parte hartzailez jantziko dute Sareren arabera. Parte hartu nahi duen orok bere lekua izango duela eta edonor eroso sentituko dela ziurtatzen dute, borondateak gehitzea beste helbururik ez baitu ekimenak.
“Azken asteetako gertakariek espetxeetako giza eskubideen egoera gehiago larriagotzen dute” diote abokatuen atxiloketei, Zigorrak gehitzearen inguruan auzitegi Gorenaren sententziari eta Santi Arrospide espetxeratzeko erabiliriko ingeniaritza juridikoari aipu eginaz. “Honen aurrean, garrantzi handia du Giza Eskubideak, Konponbidea eta Bakea lelopean parte hartzen jarraitzeak” azpimarratzen dute.