Oihana Izagirre Igartua: Egin dezakegun gutxienekoa denean

Maxixatzen.eus 2015ko urt. 21a, 16:52

Egin dezakegun gutxienekoa

 

Birziklatzea, ekonomia zirkularra, nahitaezkoa denean, objektiboki, mundua finitua delako, baliagaiak finituak direlako, birziklatzea / hondakinak bereiztea norbanakoaren asmo onen zein utzikeriaren esku uzteko gai al gara oraindik?

Aldaketa klimatikoa ebidentzia zientifiko bat denean, gainera datorkigunean, neurriak hartzen ez baditugu, kalte gogorrak aurrikusten direnean, hondakinak bereiztea norbanakoaren asmo onen zein utzikeriaren esku uzteko gai al gara oraindik?

Baliagaiak agortuz goazenean, datuak gero eta argiagoak direnean, hondakinak bereiztea norbanakoaren asmo onen zein utzikeriaren esku uzteko gai al gara oraindik?

Europak petroleorik ez duenean, kanpoko meategiak ustiatu eta baliabideak erostera behartuta dagoenean, hondakinak bereiztea norbanakoaren asmo onen zein utzikeriaren esku uzteko gai al gara oraindik?

Zabortegietan, petroleotan milioika euroren balioa duen plastikoa lurperatu dugunean, hondakinak bereiztea norbanakoaren asmo onen zein utzikeriaren esku uzteko gai al gara oraindik?

Ikerketa proiektuetan birziklatze gaitasuna igo eta materiale iraunkorragoak lortzen saiatzen ari diren bitartean, hondakinak bereiztea norbanakoaren asmo onen zein utzikeriaren esku uzteko gai al gara oraindik?

Egin dezakegun gutxienekoa denean, bereizi eta bereizita bota, serio eta beltz, astearteetan errefuxa ateratzea rollo bat dela esateko gai al gara oraindik?

Egin dezakegun gutxienekoa denean, bereizi eta bereizita bota, serio eta beltz, txintxilikarioak itxuragabeak direla esateko gai al gara oraindik?

Egin dezakegun gutxienekoa denean, bereizi eta bereizita bota, serio eta beltz, txiparena rollo bat dela esateko gai al gara oraindik?

Egin dezakegun gutxienekoa denean, bereizi eta bereizita bota, serio eta beltz, errefuxaren kuboak txikiegiak direla esateko gai al gara oraindik?

Egin dezakegun gutxienekoa denean, bereizi eta bereizita bota, indiferentzia eta interesante aurpegia jarri eta, azkenean benetan zenbat birziklatuko dute ba, esateko gai al gara oraindik?

Baina tira, eztabaida eta iskanbila guzti hau, onerako izango da azkenean.

Eta bai, nire dutxak ere behar baino luzeagoak dira eta nire pekatu mortalak bat eta bi baino gehiago.

 

Oihana Izagirre Igartua

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide