Aitor Arruti: Egiak gezur, gezurrak egia

Aitor Arruti Rezabal 2015ko urt. 20a, 07:01

Herri kontsulta

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-45

Azkoitia, 2015eko urtarrilaren 16a

Plaza Berrian gora noala, Udalak jarritako totemeko kartelera joan zaizkit begiak gaur. Hondo zuriaren gainean, tinta beltzez eta gorriz idatzitako kartelean irakurri dut espainol xuxenean: VOTA NO EL DÍA 25.

Hondakinak biltzeko sistema mistoari buruzko herri kontsultarako Atez Atekoaren aurkako plataformaren kartela da, eta agintzen ohituta dagoenak egindako eskaria iruditu zait, herriko bigarren hizkuntza erabiliz; nire moduko jendea konbentzitzeko hasiera exkaxa behinik-behin.

Ondoren, herri kontsultako galdera dator sistema mistoa egokia iruditzan al zaidan galdetuz; jarraian lauki zuzen gorrian NO A ESTA MANIPULACIÓN irakur daiteke letra zuri lodian. Horren azpian hiru puntu daudela ikusi dut, eta leitzen jarraitu dut, manipulazio hori zer ote den jakiteko gogo biziz.

  1. PORQUE ES UNA CONSULTA SIN PERMISO. Norena ote da, ba, falta den baimena? Nik jakin ahal izan dudanez, herri kontsultetan eman beharreko arauzko pauso guztiak egoki eman ditu Udalak, Madrilen ere zegokion oniritzia jasoz. Zeri buruz ari dira orduan plataformakoak? Argudio sendoagoen faltan, herritarrek euren iritzia emateak ondoeza eragingo diela pentsatu dut.
  2. PORQUE ES UNA CONSULTA NO VINCULANTE. Otu zait iritzia emateak ez duela beti zertan loteslea izan, lotzen ez zaituenean iritzia benetakoagoa izaten da eta. Sistema mistoaren orain arteko ibilbidean bakoitzak bere jokabidearekin erakutsi du zenbateraino dagoen prest guztion onerako pausoetara lotzeko. Errefusarentzako zutabeak plastikozko poltsaz beteta uzten dituenak, ez dio lekurik uzten astearte gauetan ontzi grisa txukun jasotzeko moduan eskegi nahi duenari.
  3. PORQUE NO SE HA DADO OPCIÓN A LA PROPUESTA SOLICITADA POR 3.400 FIRMAS. Orain denbora asko dela jakin genuen hondakinak biltzearen inguruan parte hartze prozesu ireki bat abiatuko zela, eta nahi izan duenak askatasun osoa izan du bertan proposamenak eginez parte hartzeko. Ni neu ez naiz partaide izan, baina zeharka jarraitu dut bileren ibilbidea. Parte hartu ez duenak, nahi ez duelako izan da, ez utzi ez diotelako. Gainerako guztiak gezur hutsak dira, gogoko ez duena egitea egokitu zaionaren mainak.

Horiek guztiak neure kabutan nituela, karteleko koloreei begiratu diet gero. Gorria lotsaren kolorea da, baina apustu egingo nuke nire moduko jendea lehenago lotsagorrituko da kartela idatzi dutenak baino.

Machiavellik esana omen, helburuak bitartekoak zuritzen dituela; nolanahi ere, bitartekoak bezain ilunak izan daitezke helburuak ere askotan, eta ez dago hori zurituko duen amaren seme-alabarik. Nola adierazi gure ondorengoei, hain sistema errazarekin hondakinak sailkatzeko sekulako tasak lortzen zirenean, guk horren aurkako ezezkoari eman geniola botoa? Egiak gezur eta gezurrak egia bihurtu nahi horretan, ez dakit zehatz zein diren plataformakoen helburuak, usain ezaguna jakineko estoldetatik baldin badator ere.

Dena dela, gaur aldez aurretik botoa emateko bigarren eguna da, eta, hasiera batean asmorik ez banuen ere, oraintxe bertan joango naiz udaletxeko idazkaritzara baiezko botoa ematera.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide