Maxixatzen Euskaldunon Elkartean herri komunikabide bat martxan jartzeko lanean ari gara, eta herri komunikabide horren irudi korporatiboa islatuko duen ikurra sortzeko lehiaketa deitzen du, eta ondoren aipatuko direnekin bat etorri beharko du.
OINARRIAK
1) GAIA.- Ikur edo irudiaren gaia edo diseinua librea izango da, hau erakundearekin
lotzen duen edozein erreferentzia baloratuko da. Epaimahaiak kontuan izango ditu, elkartearen irudiarekin, Maxixatzen Euskaldun Elkartearen oinarriparrekin eta herri komunikabidearen helburuekin izan ditzakeen loturak.
Elkartearen irudia:
- Letra tipoa: maagkramp
- Koloreak:
- Berdea: c:35, m:1, y:97
- Morea: c:61, m:91, y:1, k:0
- Euskararen normalizazioa: tokiko komunikabideak estrategikoak dira eta funtzio garrantzitsua dute hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Hedabideetan presentziarik ez duen hizkuntza bazter-hizkuntza izatera kondenatuta dago. Euskarak esparru propioak behar ditu hiztunak elikatzeko. Tokiko informazioaren bidez hizkuntzaren normalizazioaren eragitea da xedea.
- Informazioa: hurbileko informazioaren bidez, ahalik eta euskaldun gehienengana iristea da helburua. Halaber, euskaldun ez direnak ere hizkuntzara erakartzeko amu gisa erabiliko da gertuko informazioa, modu erakargarrian. Kalitatezko informazioa eta kalitatezko produktua.
- Erreferentzialtasuna: herriko gune erreferentzial izatea lortu behar du tokiko hedabideak. Horretarako, sarea artikulatu eta amarauna osatu behar da, herritarrez osatutakoa. Aliantzak eta indar metaketak beharrezkoak dira tokiko hedabide bat elikatzeko. Gune estrategikoa izango da herrian, eta aitzindaria ere bai hainbat gaitan eragiteko.
- Komunitatea: herriaren parte-hartzeak ahalbidetuko du hedabidearen arrakasta eta onarpena. Herritarren inplikazioa bilatu behar da. Ehun-herritarra sortu eta komunitatea trinkotu. Bide asko daude horretarako. Proiektuan parte hartzen utzita, herritarrek bere egingo dute proiektua. Informazioa toki jakin batean herritarren partekatu, elkarren berri izan elkar elikatuz.
- Transmisioa: hizkuntzaren, herri-ezagutzaren eta herri-kulturaren transmisiorako tresna izango da hedabidea. Transmisioari eustekotan, behar-beharrezkoa da ahalegin kontziente bat. Transmisiorako bide naturala berezkoa da, araurik gabekoa, bizierak berak dakarrena; etxekoa, auzokoa, kuadrillakoa... errotutako komunitateetan berez egiten den transmisioa. Tamalez, baina, bide horiek eteten ari dira, gurean ere bai. Horregatik, ezagutzaren transmisiorako tresna izango da komunikabidea.
Edozein modutan, Maxixatzen Euskara Elkartearen izaera islatzea nahi da.
Ikurrak, honako idazki hau hartu beharko du: “Maxixatzen herri komunikabidea”.
2) IZAERA.- Irudi edo ikurraren diseinua eta aldagai ezberdinekiko egokitasuna ondorengo hauetan irudikatzeko:
-Idatzizko aldizkarian.
-Web eta multimedia euskarrietan.
- Informazio paneletan, pankartetan, etab.
- Gutun, kuartila, gutun azal, bisita txartelak, etab.
Lanaren azalpenerako eta honen erabilera egokirako, irudi korporatiboaren oinarrizko erabilera eskuliburua aurkeztuko da. Hau da, dokumentu bat non ikurraren zentzua azalduko duena.
3) TEKNIKA.- Hau ere librea da kontutan izanda ikurra edo irudia euskarri eta material ezberdinetan irudikatu beharko dela.
4) PARTAIDEAK.- Edozein pertsona fisiko zein juridikok parte hartu ahal izango du lehiaketa honetan, oinarrietan ageri diren mugekin. Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu.
5) AURKEZTEKO EPEA.- Aurkezteko azken epe eta eguna, 2015eko urtarrilaren 30a izango da.
6) AURKEZTEKO TOKIA. Maxixatzen Euskaldunon Elkartea
Kultur Etxea 4. Solairua
20720 Azkoitia
101 posta kutxatila
Edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbidean
7) FORMATOA.- Originalak eta argitaratu gabeak izango dira, ondoren aipatzen den eran aurkeztuko dira:
- a) FORMATU INPRESOA: Ikurra eta honen aldaerak, fondo zuria izango duen euskarri sendoan jarriko dira, eta honen neurriak A4arenak izango dira (210 x 297 mm).
Ikurra kolorezko bertsioan aurkeztuko da honakorik balego eta derrigorrez zuri eta beltzean (grisen eskala).
Irudia lagunduz honako hau aurkeztuko da:
-Erabilitako lema.
-Ikurraren memoria, lanaren sorrera eta esanahia azaltzeko eta ulertarazteko egilearen iritziz beharrezko edukiak izango ditu honek.
-Ikur edo irudiaren “Fitxa teknikoa”, tipografia, koloreak, ohiko den nomenklaturan eta dituen neurriak.
-Identitate korporatiboaren oinarrizko erabilera eskuliburua, izaera atalean adierazten den moduan.
- b) FORMATU ELEKTRONIKOA:
Formatu honetan lan osoa atxikiko da, banandutako eta era egokian identifikaturiko artxiboetan. Horretarako CD edo DVDa erabiliko dira, erabilitako lemarekin identifikatu beharko direlarik. Artxibo digital hauek RAW, PDF, JIF, JPG edo TIF erakoak izango dira, betiere erresoluzio altuena izatea gomendatzen delarik.
Ikur edo irudiaren bertsio bektorizatua aurkeztuko da.
Kasu guztietan, ikur edo irudiaren fitxa teknikoan hau egiteko erabili den tresna informatikoari (programa) buruzko informazioa emango da, eta gerora irudiaren erreprodukzioa erraztuko dituen datuak ere. Irabazleak gero ere honetarako beharrezko den laguntza eman beharko dio elkarteari.
Lanak ezin izango dira sinaturik egon ez eta egilea nor den jakitea ahalbideratzen duen inolako ikur edo seinalerik.
Dokumentazio guztia, pakete bakar baten aurkeztuko da, ondo batuta aurkeztuko dena, lanaren lema idatzia izango duelarik. Honez gain, beste gutun azal itxi bat aurkeztuko da, zeinen kanpo aldean bakarrik lanaren lema agertuko den eta barruan ere lema bera, egilearen izen abizenak edo enpresaren izena (pertsona juridikoak balira), egilearen nortasuna adierazten duen agiriaren kopia, helbidea, telefonoa, faxa, eta helbide elektronikoa, bertan lehiaketaren emaitza jakinarazteko.
8) EPAIMAHAIA.- Epaimahaia, bere epaia irmoa izango da, eta Maxixatzeneko lantaldeak osatuko du.
9) IRIZPIDEAK.- Proposamenaren originaltasun eta sormen gaitasuna.
Maxixatzen Euskara Elkartearen eta herri komunikabidearen izaera adierazteko ikuste gaitasuna.
Proposamenari ematen zaion justifikazioa.
Irakurtzeko eta identifikatzeko erraztasuna.
Posible diren beste formatu ezberdinetan erabiltzeko eta maneiatzeko erabilerraztasuna.
Irudi korporatiboaren erabilera eskuliburuaren garapena.
10) KANPORATZEA.- Honako hauek kanporatze arrazoiak izan daitezke: lana epez kanpo ematea, oinarrietan ezarritako baldintzak ez betetzea, bi proposamen baino gehiago aurkeztea.
11) ARDURA.- Partaideek bere lanagatik sortu daitekeen ardura bere gain hartzen dute plagioa dela edo indarrean dagoen legediaren edozein arau hauste dela medio.
12) SARIA.- Sari bakarra egongo da, original irabazleak hirurehun (300) euro izango ditu saritzat, legeak ezartzen dituen zerga bete beharrak bete beharko direlarik.
13) LANAREN JABEGOA.- Lana Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen jabegoan geldituko da, honek nahi bezala erabili, argitaratu eta laga ahal izango duelarik, egileari ezer ordaindu gabe. Beste lanak, saririk jaso ez dutenak, egileek epaimahaiak epaia eman eta hurrengo egunetik hilabeteko epean jaso ahal izango dituzte.
Epe hori iragan eta gero lanak jaso ez badira, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak nahi duena egin ahal izango du lan horiekin.
14) OINARRIEN ONARPENA.-Lehiaketan parte hartzeak, honen oinarri guztiak, epaimahaia eta honen epaia onartzea dakar.
Epaimahaiak hartzen dituen erabakiak ezin izango dira errekurritu eta oinarrietan arautu gabe egon litekeen edozein gertakariren aurrean egokien iruditzen zaiona erabakitzeko ahalmendua dago.
15) HUTSA.- Lehiaketa hutsa aitortu dezake epaimahaiak.
16) ERAKUSKETA.- Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak egoki ikusiko balu, aurkeztutako lanekin erakusketa egin dezake.