Aitor Arruti Rezabal: Nortasunaren prostituzioa

Aitor Arruti Rezabal 2015ko urt. 8a, 06:19

Dena ezin liteke saldu

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-44

Madril, 2015eko urtarrilaren 5a

Metroan sartu gara Puerta del Solen. Jende dexente dabil joan-etorrian, ezagun da Errege bezpera egun seinalatua dela Espainiako hiriburuan ere. Gure trena leporaino beteta etorri den arren, jende asko irten da bertatik, eta esertzeko lekua izan dugu sartu orduko. Hurrengo geltokien berri izatekotan, ate gaineko izen zerrendari erreparatu diot, eta, hara non, Sol Vodafone ikusi dudan atzean utzi berri dugun geltokiari dagokion tartean.

Diru gehiena eskaintzen duenaren aurrean belaunikatuta, osasun-etxeak, ospitalak, ikastetxeak, babestutako etxebizitzak eta abar era guztietako enpresa publikoak pribatu bihurtzearen jarioa herritar guztiona den ondarea jaten ari da aspaldion; ondotxo dakigu, herritar xumeok gara lehenengo kaltetuak. Baina agintariek identitatearen ikur den leku bat, madrildarren eta orobat espainiarren herri izaeraren sinboloetako baten izena prostituitzera behartu izanak aztoratu egin nau. Ez nuke neuretzat horrelakorik nahi, ez zait parte onekoa iruditzen.

Badira lekuak bizitzan zehar esangura berezia hartzen dutenak, gure sentimenduentzako gorputz bat osatzen dutenak. Bizitzan bidaide izan dugun jendeak toki haietan osatu izan du geurekin batera orain garen emozio eta zirraraz txirikordatutako ehundura. Bihotz-jauziak eragiten dizkiguten paisaia horietara joaten zaigu gogoa hegan, egunerokoak tarte bat hartzeko parada eskaintzen digun une askotan.

Prostitutek esan ohi dute euren gorputza salduagatik ere, nortasuna ez dutela salgai izaten sekula. Erabat alderantziz jokatzen duela iruditzen zait, aldiz, gorputzaren kanpoko itxura berdintsu mantendu, eta bizi-arnasa punpatzen dion nortasuna saltzen duenak.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide