Oier Araolaza dantzari, kazetari eta antropologoa izango dugu hizlari gaur, hilak 18, Kultur Etxean 19:00etan, Maxixatzenek antolatuta.
Neguko festak: mozorrotzea ez da disfrazatzea izango da hizketarako gaia, eta elkarrizketa egin diogu horren harira:
Zer dira Neguko festak eta nolako garrantzia dute euskal kulturan?
Azarotik martxora ospatu ohi ditugun hainbat festa multzo horretan kokatu daitezke. Festa horiei begiratzeko moduaren arabera, iruditu dakiguke elkarren artean oso ezberdinak direla, baina badituzte hainbat ezaugarri batzen dituztenak, eta horietako batzuk azpimarratzen saiatzen gara hitzaldian. Euskal Kulturan ezinbesteko erritualak ditugun neguko festak: inauteriak, Santa Ageda, Santo Tomas, Eguberriak... Festa, errito eta kultura adierazpen indartsu eta zabalduak direnik ezin ukatu.
Aspalditik datozen kontuak izanda, egoki ulertzen al ditugu gaur egun?
Gaur egun opor eta kontsumo aukera moduan ulertzen dira festak nagusiki, baina horrez gain, horien jatorri eta esanahi sinbolikoen inguruan nahasmen handia dugula esango nuke. Askotan ez gara kontziente urtetik urtera, ospakizun horietan gure begien aurrean gertatzen diren aldaketak zein norabidetan gertatzen diren, eta horien aldatzeko norabidea berez gure esku dagoela. Nork erabakitzen du nolakoa izan behar den Olentzero eta zergatik onartzen dugu beste norbaitek interes komertzialak medio Olentzero eredu jakin bat ezartzea gure kulturan? Olentzero tradizioan herri bakoitzeko gazteek asmatu eta eraiki duten pertsonaia da, eta ez genuke hori beste inoren esku utzi behar.
Inauteriekin bukatzen dira Neguko festak. Mozorrotzea eta disfrazatzea bereizi egiten dituzu zuk. Nolatan?
Mozorrotzeko bi eredu desberdin daudela azaldu nahi dut horrekin. Saiatzen naiz azaltzen zer izan den mozorrotzea tradizioan eta gaur egun nagusi den ereduari disfrazatzea esaten diot. Hiztegiek ez dituzte bereizten bi kontzeptu horiek, eta gainera errieta egin dit Euskaltzain jakintsu batek bereizketa hori egiteagatik, baina uste dut hitzaldietara etortzen direnek ondo ulertzen dutela bereizketa horrekin adierazi nahi dudana.
Zer eratara antolatuko duzu osteguneko hitzaldia?
Argazkiz argazki Neguko festetan barrena bidaiatuko dugu. Hitzaldi oso bisuala izango da, 80 argazki inguru ikusiko ditugu, Neguko festetako ospakizun, mozorro eta arketipoak erakusten dituztenak, eta gaur egungo hainbat kezka mahai gainean jartzeko aukera emango digutenak: Halloween euskal festa den ala ez, Olentzero eta Papa Noel gauza bera bihurtzen ari ote zaizkigun, Mari Domingik genero berdintasuna ekarri duen ala genero bereizketa sendotu ote duen, inauterietan mozorrotu ala disfrazatu egiten garen...