Aitor Arruti Rezabal: Idilio luze baten kronika

Aitor Arruti Rezabal 2014ko abe. 16a, 06:20

Erromako zubixe

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-42

 

Dagoeneko badira hamar urte

elkarrekin bizitzen jarri ginela.

  Umetan ezagutu zintudan

zure hizkera alai eta jostalariarekin.

Ikasgelan ere elkarrekin egokitu ginen

zure inguruko jende asko ezagutu nuen.

Gero eta gusturago sentitzen nintzen zurekin

halaxe esan nizun behin baino gehiagotan.

 

 Ostiral gauetan zinera joaten hasi ginenean

zure baitakoak hobeto ezagutzen hasi nintzen

zaletasunak desioak pasioak

bizitza bera orobat.

 

  Ostirala asteburu osora luzatu zen

eta amets egiten hasi ginen elkarri begira.

Jakinmina irrika bihurtu zitzaigun

irrika gozamen, gozamena etorkizun

eta etorkizuna maitasunaren hazkurri.

 

Eta elkarrekin bizitzea erabaki genuen.

 

Hamar urte joan dira harrez geroztik

eta orduan baino gehiago

maite zaitut, Azkoitti.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide