Ingurumen plan estrategikoa osatzeko bilera gaur

Maxixatzen.eus 2014ko abenduaren 10a

Ingurumen bilera

Dagoeneko zaharkituta geratu da Udalak 2000. urtean Tokiko Agenda 21 egitarauarekin bat egin ondoren 2002.ean egindako Ingurumenaren 1. Ekintza-plana. Udalari egokiagoa iruditu zaio orain planaren izaera moldatu eta ingurumen arlora bideratzea, eta egungo ingurumen-errealitateari erantzuteko plana osatzeko lanei ekin die.

Horretarako, Elkarrekin 21 izeneko lantaldea lanean aritu da urte osoan zehar. Lehen urrats gisa, herriko Ingurumen-diagnosia osatu zuen. Egungo Azkoitiko ingurumenari loturiko esparruen inguruko informazioa biltzen duen txostena da, parte-hartze prozesu baten bitartez osatu eta adostu ahal izan dena: batetik, Elkarrekin 21eko teknikariak herriko zenbait eragilerekin (jubilatu-elkartea, tabernariak, merkatariak, ikastetxeetako eragileak, etab.) elkartu ziren; bestetik, urrian egindako Herri-batzar ireki batean jaso zituzten ekarpenekin adostu ahal izan zen Azkoitiko errealitate berriaren argazkia.

Diagnostiko eskuetan izanik, Ingurumeneko Ekintza-plan berria diseinatzeari ekin diote. Elkarrekin 21 taldeak diseinatu duen Ekintza-plan horren lehen zirriborroa Udalarekin adostua izan da. Bertan jasotzen diren Azkoitiko etorkizunerako helburu eta ekintzak nagusiak herritarrekin partekatu nahi dituzte. Izan ere, dokumentua Azkoitiko Ingurumeneko Ekintza-plan berria osatzeko oinarrizko dokumentua izango denez, herriko entitateekin, elkarteekin, erakundeekin, zein herriko eragile sozial eta ekonomikoekin diseinatzeko asmoa dute.

Horregatik guztiarengatik, gaur, abenduak 10, Azkoitiko Elkarguneko areto nagusian 18:30ean egingo den bilerara gonbidatzen dituzte herritarrak. Bilerarako Ekintza-planaren zirriborroa begiratzea ezinbestekoa izango da bertan ekarpenak modu eraginkorrean egin ahal izateko.

Hona hemen bilerako gai-zerrenda:

  • Ingurumeneko Ekintza-planaren helburu eta programa nagusien aurkezpena.
  • Helburu bakoitzaren taldekako lana: proposatzen diren ekintzak berrikustea (ekarpenak jasotzea).
  • Ekarpenak bateratzea eta Ekintza-plana adostea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide