Euskararen Nazioarteko Eguna gaur

Maxixatzen.eus 2014ko abe. 3a, 07:12

Abenduak 3

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dugunez, egitaraua prestatu du Azkoitiko Euskara Mahaiak:

? 11:30ean, Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko ume eta gaztetxoek kalejira egingo dute herrian zehar. Plazan elkartuko dira guztiak, eta ekitaldia egingo dute: manifestua irakurriko dute ikasleek, eta hainbat bertso eta abesti kantatuko dituzte.

? 18:15ean, Bizkargi Musika eta Dantza eskolako dantzariekin erromeria izango da, plazan. Ekitaldia egingo dute gero. Gaztaina janarekin, manifestua irakurri eta hainbat abesti

abestuko dituzte.

? Euskararen Egunaren harira, gainera, Azkoitiko Tabernariek ostegunetik asteazkenera aurreratuko dute pintxo poteoa. Beraz, 18:30etik 21:00etara pintxo poteoaz gozatzeko aukera izango da herriko tabernetan.

Euskara Mahaia euskararen inguruan Azkoitian lan egiten duten hainbat eragilek osatzen dute: Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Auzoko egitasmoa, Azkoitiko Udala, Xabier Munibe ikastola, Floreaga salestar ikastetxea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Azkoitiko AEK eta Urola Kostako Hitza egunkaria aldiro elkartzen dira, bakoitzaren lanaren berri izan eta elkarlanean euskararen alde urratsak eman eta ekintzak antolatzeko. Iazko lanurtean sortu zen Euskara Mahaia, eta taldeak emandako lehenengo fruitua izan zen Euskara Eguna herrian indartzeko ekitaldiak prestatzea.

Egun garrantzitsua da euskararena, baina euskara ez da urteko egun batera mugatzen. Euskarak egunero bizirik jarrai dezan, asteazkeneko ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritar guztiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide