Hondakinak biltzeko sistema baloratzeko galdeketa urtarrilaren 25ean

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 29a, 07:38

Galdeketa

Udalak hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri eta sei hilabetera, herritarren iritzia jakiteko galdeketa egingo du urtarrilaren 25ean. Erantzuteko galdera honako hau izango da: “Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko Udalak martxan jarri duen sistema mistoa?”. Herritarrek Bai ala Ez erantzun beharko dute.

Orain bi urte hondakinen mahaia martxan jarri zen hondakinak biltzeko sistema egokiena herritarrekin batera erabakitzeko helburuarekin, eta hainbat bileraren ostean, bertan bildutako eragileek helburu batzuk zehaztu zituzten (2014an %70eko sailkatze mailara iristea, gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua izatea eta errefusari atea itxiko dion sistema izatea).

Helburu horiek udalbatzak onartu egin zituen gero, eta ondoren, hondakinen lantaldea sistema egokiena adosteko elkartzen hasi zen. Bertan, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak eta Zero Zaborreko kideak zeuden (Atez atekoaren kontrako plataforma ere gonbidatuta zegoen, baina ez parte hartzea erabaki zuen). Lantalde horrek egungo sistema mistoa jartzea adostu zuen, eta abian jarri zen uztailean.

Orduz geroztik, jarraipen batzordea martxan da (udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako eta Zero zaborreko ordezkariek osatuta, plataformak ez parte hartzea erabaki duelako) eta sistema berriaren nondik norakoak aztertzen ari da. Sistemaren alderdi teknikoaren kontrastea egiten ari da eta horrekin batera, herritarren iritzia eta kontrastea egitea nahi du orain. Udal gobernuak batzorde horri galdeketaren galdera proposatu dio, eta bertako gehiengoa onespena eman dio. Azkenik atzo onartu egin zuen Udalbatzak.

Sistema herritarrekin elkarlanean adostu zuen Udalak, partaidetza prozesu baten ondoren, eta hondakinen lantaldearen bidez, eta orain sistema horren inguruan herritarrek duten iritzia ezagutu nahi du, elkarlan horretan beste pauso bat emanez. Uztaileko plenoan agindu zuen udal gobernuak galdeketa egingo zuela, eta orain prozedura abiatu du. Prozedura horren bidez Udalak bermatu nahi du galdeketak seriotasun, gardentasun eta legezko berme guztiak izango dituela.

Galdeketaren emaitzak hondakinen lantaldeko jarraipen batzordeak aztertuko ditu, eta han erabakiko da emaitzekin zer egin. Urtarrilean jakinaraziko Udalak horren inguruko zehaztasun guztiak herritarrei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide