Xaloa, euskarazko telebista Iruñerrian

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 19a, 06:44

Xaloa telebista

Nafarroako Gobernuak LTD bidezko tokiko telebistentzako lizentziak banatu zituen iaz. Iruñerriko lizentzietako bat Xaloa Telebistari eman zion, 1997tik Baztan-Bertizarana-Malerrekan euskara hutsez diharduen telebistari. Lizentzia lortu izana oso-oso albiste ona da, nahi den lekutik begiratuta:

  • Xaloarentzat alegaltasunetik irteteko aukera aparta da, eta bere jarduera egonkortzekoa, beraz.
  • Iruñerriarentzat, zer esanik ez: bertako euskaldunek –eta ez-euskaldunek ere- euskarazko telebista kontsumitu ahal izango dute, ETB digitalera pasatu zenetik egin ezin zezaketena. Albisteak, magazinak, haurrentzako marrazi bizidunak...
  • Euskal komunitatearentzat ere pausu handia da, euskararentzako beste plaza bat irabaztea, lehen euskarazko telebistarik ez zegoen lekuan orain halako bat gutxienez izatea.

Aukera aparta da, zalantzarik gabe, alferrik galtzen ez uztekoa. Baina ahalegin handia ere eskatzen du: Xaloak 50.000 euroko inbertsioa egin behar du ‘multiplex’ delako emisorea eta seinalea Iruñerria osoan barreiatzeko bi errepikagailu ezartzeko. Multiplex hori, gainera, lizentzia lortu duten beste telebistentzat ere baliagarria izango da.

Xaloak berak bakarrik nekez egingo dio aurre inbertsio horri. Horregatik, laguntza eskatu dio euskaldun eta euskaltzaleen komunitateari, denon ekarpen txikien bidez kopuru handi horretara iristeko. Bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian lagun dezake: 5 eurotik hasita 5.000 arte. Bi modu daude ekarpen horiek egiteko:

  • Internet bidez: http://karena.eu/proiektua/xaloa-telebista-irunerrian helbidetik, zure kreditu txartela erabiliz.
  • Laguntza bono fisikoa erosiz. Momentuz, Iruñeko KARRIKIRI EUSKAL DENDAN eta KATAKRAK liburudendan aurki daitezke. Pixkanaka-pixkanaka, salmenta puntuak ugarituz joango dira.

Zure laguntza kopuru jakin batera iritsiz gero, gainera, esker oneko saritxoak jasoko dituzu bueltan, ondotxo dakigu-eta gauden garaiotan ez dela erraza dirua inori ematea...

Zer iruditzen? Lagunduko duzu zuk ere Iruñerrian euskarazko telebista martxan jartzen? Azkar ibili ba, ekarpenak jasotzeko azken eguna abenduaren 21a da eta!!!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide