X. Herri Lasterketa: aurretiaz izena emateko azken eguna gaur

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 19a, 06:10

Antxintxika

Gaurkoa izango da azken eguna Raka Maraton Atletismo Taldeak antolatutako Azkoitiko Herri Lasterketan aldez aurretik izena emateko.

Azkoitiko Zubiaurre Elkargunean eta Azpeitiko Robers Aradi saltokian egin daiteke inskripzioa, hamar euroren truke. Internet bidez ere eman daiteke izena, www.herrikrossa.com edo www.rakamaraton.com atarietan, 10,7 eurotan. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte, 15 eurotan.

Herriko plazan hasiko da 10 kilometroko proba 16:30ean, eta lasterkariek itzuli txiki bat eta bi handi egingo dituzte herrian zehar, plazan bertan bukatu aurretik. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute lasterketan, eta norbanakoez gain, taldekako sailkapena ere egingo dute. Lau korrikalari arteko taldeak osa daitezke, baina gutxienez emakumezko bat izan behar da taldean. Era berean, gehienez lautik bi lagun izan daitezke federatuak taldekako proban, eta egunean bertan eman beharko dute izena. Zapatuan bertan 15:15etik 16:10era bitartean banatuko dituzten txip bidez kontrolatuko dute lasterketa.

Aurtengoa hamargarren edizioa izango denez, ohiko sari eta garaikurrez gain, sari ugari zozkatuko dituzte antolatzaileek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide