2015ean egiteko hamaika proiektu aukeran

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 17a, 06:00

2015erako 11 proiektu aukeran

Udalak, Danon Herrixe parte hartze prozesuaren barruan, 2015eko udal aurrekontuetako 250.000 euro herritarren esku jarri du aurten, egin nahi dituzten proiektuak aukera ditzaten.

Azkoitiarrek egindako proposamenak jaso eta aztertuta, zuzenean bere aurrekontu proposamenean sartu ditu batzuk, eta beste batzuk, berriz, herritarren esku utzi ditu, eta hurrengo astetik aurrera, herritarrek 11 proiekturen artean bozkatu ahal izango dute. Gehienez hiru proiektu aukera ditzake bakoitzak, lehentasuna nahi dutenari emanez.

Hori gauzatzeko, bi bide izango dituzte azkoitiarrek:

1. Udaletxeko harreran astelehen arratsaldera bitartean.

2. Udal webgunean —www.azkoitikoudala.info— astelehen gauerdira bitartean.

Azkoitian erroldatutako 16 urtetik gorakoek eman dezakete botoa, NAN zenbakia eta jaiotza data zehaztuta, eta bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du.

Emaitzak azaroko azken astean jakinaraziko dituzte.

Bozkatzeko proiektuak:

- 36ko gerrak gure artean izandako bilakaeraren ikerketa egin. 18.000 euro.

- Azkoitiko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa egin. 18.000 euro.

- Kultur Etxea eraberritu. Lehen fasean, leihoak aldatu. 83.000 euro.

- Tenis pistak aldatu. Bi falta dira berritzeko. 55.000 euro.

- 2015ean espaloiak egiteko diru kopurua indartu. 83.000 euro.

- 2015ean parkeak konpontzeko diru kopurua indartu. 83.000 euro.

- Baserri bideak konpontzeko diru kopurua indartu. 83.000 euro.

- Aktibitate errolda osatu: herrian kutsakorrak izan daitezkeen enpresen zerrenda osatu, horiek ingurumenean eragin ditzaketen kalteak aztertu eta saihesteko neurriak zehaztu. 40.000 euro.

- Altzibar bidean ibai ondoko espaloia egokitu, inguru horretako segurtasun arazoak konpontzeko. 77.000 euro.

- Liburutegi ondoko plaza estali. 83.000 euro.

- Bizikletentzako 100 aparkaleku egin. 12.000 euro.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide