Aitor Arruti Rezabal: Zinema gau normala

Aitor Arruti Rezabal 2014ko aza. 11a, 07:16

Zinema gau normala

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-39

Hotz da gaur gauean, orain arteko udazken beroak utzi dio dagokion lekua urte sasoiko giroari. Aspaldian jantzi gabeko jaka handia soineratuta abiatu naiz kalean gora, ttipi-ttapa Baztartxo zinema aretora bidean, hamarretako saiorako iristeko garaiz.

Ez dago jendetzarik aretoko atarian. Sarrera erosi, atezaina agurtu eta aretoaren erdialdetik aurrerako jarlekuan eseri naiz, patxada ederrean. Erlojuari begiratu beharrik gabe, neure kasako gogoeta barean, iruditu zait ordua aspalditxo pasatuta izango dela honez gero. Jende pixka bat gehiago biltzeko itxaropena izango dute, nonbait, aretoko arduradunek.

Halako batean, kanpai hotseko txirrina entzun orduko, eszenatokiko errezela erraldoiak ireki dira, eta berehalakoan hasi da Loreak pelikula, aldez aurretik batere iragarki, trailer, ohar edo bestelakorik batere bota gabe.

Aste osoko nekea begi azaletaraino pilatuta dudan arren, gaurkoan ez zait iritsi lotarako tentaziorik; pantailan kontatutakoak eragin dizkidan emozioek gain hartu diote nekeari. Itxi gabeko egoerak, ustekabeko gertaerak bata bestearen atzetik, bizia bere betean, gidoi borobila, interpretazio bikainak. Zinezko zinea zineman.

Filma amaitu da, eta eserita jarraitzen dut. Azken kredituak irakurriz, ikusi, entzun, pentsatu eta sentitu dudanari soseguz nire baitan lekua egiten. Nahikoa egindakoan, eserlekua utzi, jaka handia jantzi, eta aretotik irten naiz. Inor gutxi dabilen kaleetan zehar joan naiz etxera bidean. Etxepean ere inor egokitu ez zaidanez, bakarrik erabili dut igogailua, eta geure etxean sartu naiz, isil-isilik.

Aspaldiko partez, zinema gau normala izan da. Eta iruditu zait ederra izan dela pare bat orduz bizi izan dudan guztia normalizatu gabeko gure hizkuntzan bizi ahal izatea. Behingoagatik bada ere.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide