Teklako alokairu sozialeko etxebizitzen ingurukoak

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 10a, 06:00

Alokairu soziala

Floreaga auzoan, garai bateko Teklako orubean alokairu sozialeko etxebizitzen proiektuaren ingurukoak argitzeko, Urrategi Alberdi alkatea Eusko Jaurlaritzako Covadonga Solaguren Etxebizitza sailburuordearekin elkartu zen joan den astean.

2007an gune horretan alokairu sozialeko 33 etxebizitza egiteko proiektua onartu zuen Jaurlaritzak; obrak hasteko baimena eman zion Udalak Jaurlaritzari 2009an, baina proiektua geldirik dago oraindik.

Azkoitiko proiektuak aurrera segitzen duela esan zion Solagurenek Azkoitiko alkateari, eta proiektuaren exekuzioa 2015ean hasiko den plangintzan sartzeko asmoa duela agindu zion. Hori horrela izanda, baliteke obren lizitazioa datorren urtean egin eta obrak 2016ean hastea, baina datarik ematen ez zen ausartu Etxebizitza sailburuordea.

Proiektu hori Azkoitia eta azkoitiarrentzat oso garrantzitsua dela adierazi die alkateak Jaurlaritzako arduradunei, herrian alokairu sozialeko etxebizitza premia handia dagoelako eta garai zail hauetan babes sozialak lehentasuna izan behar duelako. Horrez gain, azaldu die nola bere garaian eskola eta lokalak hustu eta bertan bizi ziren bi familia ere atera behar izan zituztela lan horiek lehenbailehen hasteko, eta orain geldirik egoteak ez duela zentzurik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide