Demonixo, demonixue. Gaiztoa, bihurria. "Ume au ze demonixo da gero!".
Beldurgarria izan da aurtengo Halloween gaua Azkoitian. Ni neu ikaratuta geratu naiz behintzat. Atzerriko tradizio hau etxeratu eta aldaera xelebre bat gehitu diote herriko umeek, eta arrautzak botatzeari ekin diote azken urteetan. Zerikusi gutxi duten bi kontu direla esango nuke, baina ez naiz ni ez AEBtako folklorean ezta elikaduran aditua ere (galdetu Lidl, Dia edo MaxiEroskiri). Kontua da umeek ez dituztela arrautza-guduak egiten, jakiak elkarren kontra jaurtitzen eta saihesten, elur-pilotekin egiten den bezala; ez, jolasa bestelakoa da eta izugarri dibertigarria omen: arrautzak eraikin publiko eta etxe pribatuen (etxe pribatua norberarena ez den etxe gisa ulertuta, jakina) aurka botatzea da herriko haur maitagarri askoren dibertimendu berria.
Umekeriak, esango du baten batek. Horregatik beldurtu?, pentsatzea ere badago. Azalduko dut: izutu nauenak ez du umeen bihurrikeriekin loturarik, auzo-lotsa eragin didan ekintza batekin baizik. Halloween-aren aitzakiarekin eta Domu Santu bezperako festa giroan babestuta, Trino Uria kalean dauden ile-apaindegi eta harategi banaren kontra erasoa egin zuten hainbat ezezagunek joan den ostiralean. Pakistandar jatorriko herritarren negozioak dira bi horiek. O, kasualitatea. Erakusleihoa goitik behera zikindu, arrautz hondakinez bete eta pitzatu ere egin zieten.
Zergatik tematu ziren bi denda horiekin? Zergatik ez herriko beste saltokiren batekin?
Zer edo zer gaizki egiten ari gara umeek horrelako jarrerak bereganatzen dituztenean. Seguru nago ikastetxeetan ez dutela horrelakorik ikasten, beraz, etxean entzuten eta ikusten dutena islatzen dutela esatera ausartuko naiz. Zenbat komentario arrazista egiten ditugu umeen aurrean? Moro ala magrebtar esaten dugu? Matxupitxu ala hegoamerikar? Maroto(tontolnabo)ren teoriak geure egiten al ditugu behin eta berriz? Eta umeen aurrean hedatzen al ditugu gure frustrazio eta amorruak? Esaera zahar batek dio: zakurra bildurrago, zaunka gehixeago.
Baina, zeren beldur gara?
http://www.golem.es/lacintablanca/
Irene Elorza