Zilarrezko arraintxoak irakurle taldeak gaur, urriak 29, izango du lehen solasaldia Aizkibel liburutegian literaturaren inguruko solaserako. Irene Elorzak gidatuta, Iñigo Aranbarriren Apirila nobela izango dute hizketagai, 19:00etatik 20:30era bitartean.
Hileko azken asteazkenero izango dira hitzorduak aurrerantzean ere, ordu eta leku berean. Irakurle taldean parte hartu nahi dutenek Aizkibel Liburutegian edo bertako telefonora deituta eman dezakete izena: 943 850898. Hona hemen urtarrilera bitartean prestatu duten programazioa:
- AZAROAK 26: Zorion handiegia, Alice Munro (Meettok, 2012)
- ABENDUAK 17: Gauzak, Georges Perec (Igela, 2014)
- URTARRILAK 28: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe (Susa, 2013)
‘Zilarrezko arraintxoak’ izena izango du Irakurle Taldeak. Zilarrezko arraintxoak terminoa ‘Thysanura’ intsektuak izendatzeko ere erabiltzen da. Paperjaleak dira intsektu horiek, eta horregatik jarri diote izen hori Azkoitiko irakurle taldeari, “liburu paperjaleak bildu nahi dituelako”, adierazi du Irene Elorzak. Irakurle Taldeko kideek hilero jasoko dute saioari buruzko informazioa eta blog bat ere sortuko da proposatutako liburu eta egile bakoitzaren ingurukoak bildu asmoz.