Aitor Arruti: Zubi bat Marokorantz-1

Aitor Arruti Rezabal 2014ko urr. 14a, 07:53

Maroko 2009

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-35

Maroko, 2009ko urria

Urriko zubia kontinentez aldatzeko baliatuta, gozo egin genuen bost lagunek atzo arratsalde-gauean etxetik Madrilera bitartekoa. Gaur goizean Barajas aireportuko pasaporte kontrolean, hala hasi zait begirada sarkorreko polizia, irria ahoan pasaportean nire izena seinalatuz:

- Aitormena?

- ¿Perdón?- harrituta nik.

Berehala, kantuan hasi zait bera, Hertzainak taldearen doinuan:

- Ez dira betiko…Era así, ¿no?

Baietz erantzun diot nik, totelka. Ezagun da Espainia ez dabilela lo gu kontrolatzeko garaian. Hala, Mohamed adiskideak dezentez denbora gehiago behar izan du kontrola igaro eta guregana heltzeko. Kanturik gabe, gainera.

Bi orduz atzera eginez iritsi gara Marrakex argitsura. Aireportuan autoa alokatu, eta laster batean gabiltza Jemaa-el-Fna plaza zabalean. Mohameden lagun Mohamed ezagutu dugu, eta elkarri eskutik helduta ibili dira bi lagunak Kutubia dorre inguruetan, elkarrekin jolasean dabiltzan umeak bezala, elkarrekin egotearen poza azaleratuz.

Marrakexetik kanpora, lorategi ederreko jatetxean taxim bazkaldu dugu, jaima batean. Siestarako garaian, Casablancarantz abiatu gara. Artaldeak, ahuntzak, behiak belar urriaren bazkan, eta norbaitek basurde bat ikusi du soro bakarretako batean.

Casablancan trafiko kaotikoan barneratu gara, eta Mohamed etxean sentitu da, bozina joka, autoari zoroarenak eragiten, bizipozez gainezka.

Islamaren hirugarren mezkitarik handiena dugu begien aurrean orain, Hasan II.a erregearen omenez eraikitakoa, itsasertzean eder, harro, dotore, larderiak zukututako herria are gehiago estutuz ateratako diruarekin egindakoa.

Handik barrualderantz eginez, Mohamedian egin dugu afari legea, behar baino askoz oparoagoa, Mohameden senide batzuen etxean. Bertan itxi ditugu jadanik atseden eske ditugun begiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide