Ingurumen plana garatzeko bilera urriaren 21ean

Maxixatzen.eus 2014ko urr. 14a, 06:53

Bilera

Orain 14 urte jarri zuen martxan Udalak Azkoitiaren iraunkortasuna bermatzeko prozesua, eta bide horretan hainbat lan egin dira urte hauetan.

Baina gaur egun plan hura zaharkituta dagoela ikusi du Ingurumen sailak, herriaren errealitatea eta beharrak aldatu egin direlako, eta egungo egoerara egokitutako beste plan bat egin nahi du. Eta dagoeneko hasi da lanean.

Elkarrekin 21 aholkularitza martxan da eta herriko ingurumen diagnosia osatu du. Dokumentu horrek egungo Azkoitiko hainbat esparruren inguruko informazioa biltzen du, eta herriko errealitatea modu sintetikoan islatzea nahi du. Diagnosi hori osatzeko, Elkarrekin 21eko teknikariek herriko zenbait eragilerekin (jubilatu elkartea, tabernariak, merkatariak, ikastetxeetako eragileak, etab.) hitz egin dute.

Une honetan, diagnosia eskuartean duela, eta hurrengo fasera igaro aurretik, bertan jasotzen diren ondorio nagusiak herritarrokin partekatu nahi ditu Udalak. Izan ere, dokumentu hori Azkoitiko ingurumen plan berria osatzeko oinarrizko dokumentua izango da, eta herriko entitateekin, elkarteekin, erakundeekin, zein herriko eragile sozial eta ekonomikoekin diseinatu nahi du.

Horretarako bilera bat antolatu du, urriaren 21erako. 18:30ean izango da, Elkargunean. Bertan, herritarrei diagnosia aurkeztuko zaie, eta haiek dituzten iritzi eta ekarpenak jasoko dira. Amaitzeko, hemendik aurrerako urratsak zehaztuko dira. Bertaratu eta parte hartzera deitzen ditu herritarrak Udalak, Azkoitia iraunkorra denon artean egiteko.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide