KOADERNO BERDEKO POSTALAK-34
Topa Eguneko “Ametsak ereingo ditugu” ekimenerako
Amets egiten hasita,
aldatzeko bokazioa duten ametsak egingo ditugu,
amets izateari uzteko amorratzen daudenak,
ez Segismundorenak bezalako amets hutsak.
Amets egiten hasita,
hamabost urte barru errealitate izango direnak egingo ditugu,
eta begiak itxita idatzi, molde onirikoan;
begiak itxita idazteko ametsak nahi ditugu gaur.
Egia izango diren ametsetan,
gure esku dagoena ganoraz egingo dugu,
geuk erabakiko ditugu amets egingarriak,
esnaraziko gaituen bitartekorik gabe.
Benetan egingo diren ametsetan,
jakitea eta jakindakoa erabiltzearen artean
ez da berriz lastozko zubirik eraikiko,
ibai harriz, hitzez eta eskuz egindakoa baizik.
Egiaz gauzatuko diren ametsetan,
euskaraz mintzatuko da jendea euskararen herrian
jolasean, jokatzean, aurrean, atzean,
kalean, eskaratzean, etxean, ohatzean.
Benetako bihurtuko diren ametsetan,
euskara baliatuko zaio euskaldunari,
euskaraz baliatuko da euskalduna
elkar elikatuz, indarberrituz elkar.
Aitor Arruti Rezabal