Aitor Arruti Rezabal: Sokrates, Glaukon eta gure arteko egiak

Sokratesen heriotza zigorra

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-33

Garapenean bidelagun asteko irakurraldirako idatzia

 

Bazen behin Grezia klasikoan Sokrates izeneko filosofo zuzen bat.

Hain zen zuzena gizona, kanpotarren alde egiteagatik heriotza zigorra ezarri ziotenean, uko egin baitzion lagunek bideratutako ihesari.

Eztabaidak eginez ikastearen aldekoa zen Sokrates, eta halako batean Glaukonekin zuzentasunaz aritu zen filosofatzen. Glaukonek zioenez, inork ikusi gabe ari garenean guztiok gara okerrak, ez dago zuzen bakar bat ere inor begira ez duenean.

Ikusezin bihurtzeko Gigesen eraztun bana gizon zuzen bati eta gizon bidegabe bati eskainiz gero, Glaukonek uste zuen biek baliatuko luketela ikusezin izatea okerkeriak egiteko.

Sokratesek erantzun zion orduan, adieraziz aipatutako bi gizonak izango zirela bidegabeak, zuzena denak zuzen jokatzen duelako beti, baita ikusten ez dutenean ere.

Zuzentasunaz hitz egiten ari garela, zuzena al da orain arte aipatutako pertsonaia guztiak gizonezkoak izatea? Lidiako errege Gigesen eraztun beharrik gabe ere, ikusezin ditugu historiaren zutabe izandako emakumeak, eta halaxe diraute orobat gaur egun, nola munduan zehar, hala geure artean ere, salbuespenak salbuespen.

Egia aurkitzea posible zela aldarrikatu zuen Sokratesek, eta egiazaleok badugu zertan hasi, beraz. Esate baterako, egiatik hurbilago izan daitekeen historia idazten.

Lan horri ekiteko ez dago urrutira joan beharrik. Hementxe has gaitezke, gaur, oraintxe bertan, emakume zein gizon, gizon zein emakume, bidezko eta bidegabe, trukea eskuz esku eginez,

merkataritzarik bidezkoena bitartekorik gabekoa delakoan, elkarri begiratuz, elkar ikusiz, trukegairik borobilenak bihotzetik bihotzera doazenak direlako ustean.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide