Aitor Arruti Rezabal: oroimena eta errekonozimendua, guztientzat

Aitor Arruti Rezabal 2014ko ira. 22a, 11:00

Omenezko plaka

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-32

Joan den zapatuan, irailak 20, omenaldia egin zien Azpeitiko udalak Espainiako gerra zibil aurreko udal batzako lagunei Udaletxeko ate aurrean, San Agustinpean.

Tropa frankistak Elosiaga eta Mandubian zehar Azpeitira 1936ko irailaren 20an iritsi zirela gogoan hartuta, plaka bat bistaratu zuen orduan alkate zen Xiriako Agirreren alabak, alkateak, Aranzadiko kide batek eta Agirrek berak hitz batzuk egin ondoren.

Udal batza hartako partaide zen gure attitte Anton Erreuste, Altunako Joxe Antoniorekin batera Urrestillako ordezkari bezala. Plakan jasota daude udal ordezkari guztien izen-abizenak; guztiak ere gizonezkoak.

Premiazkoa da orduan gertatutako guztia azaleratzea, jakinaraztea, eta oso egokia da ordukoak oroitzeko plakak jartzea. Baina horrelako plaketan ez dago amama Demetrirentzako errekonozimendurik, ez eta haren modura gerra garaian eta ostean Errepublika garaiko ordezkari politikoen etxekoek jasan behar izan zuten guztiaren ondrarik.

Hasiera ona izan daiteke zapatukoa orduko herritarren jokabideak goraipatu eta salatzeko, gutako bakoitzak gizalegearen epaimahaian aurkez ditzan ordukoez dakizkienak, protagonista guztiak behingoz merezi dutenaren arabera koka daitezen historian. Zuzena finka dadin eta okerra onbideratu, askotan berandu bada ere, izen eta abizen guztiekin.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide