Eskoziari agur beroa independentziari buruzko erreferendum egunean

Maxixatzen.eus 2014ko ira. 18a, 05:19

Eskoziarrekin bat

EH Bilduko eta EAJko Azkoitiko Udaleko ordezkariek adierazpena adostu dute gaurko Eskoziako erreferenduma dela eta:

ESKOZIAR HERRIARI AGURRIK BEROENA

Urteetako ibilbidearen ondoren, Eskoziar herriak bere etorkizuna libreki erabakiko du datorren irailaren 18an.

Eskozian, bertako herritarrek hartuko dute hitza; eta herritarrak izango dira, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen erabakiko dutenak.

Irailaren 18an Eskozian egingo den erreferendum-a, herrien askapen prozesuen ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat izango da.

Eskoziarrak, dagoeneko beren herriaren etorkizunaren jabe dira, eta laister batean, Katalunia, Euskal Herria eta munduko hainbat naziok ere eskubide hori egikarituko dugu.

Herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan. Egun historiko honen aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu instituzio honetatik:

1.- Eskoziar herria zoriondu nahi dugu, libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari diren ariketagatik. Herri orok duen eskubidea praktikara eraman da.

2.- Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan, gure babesa adierazteko,

Eskoziako bandera jarriko dugu instituzioaren fatxada nagusian, ikusgarri eta lehentasunekoa izango den tokian batean.

Euskal Herrian, 2014ko irailean

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide