Datorren zapatuan, irailak 20, auzolanean ibaia garbituko dute nahi duten azkoitiarrek, Azkoitiko Udalak eta Zubiola enpresaren ekimenez.
Azken urteotan ibaiaren kutsadura maila eta bere ondorio kaltegarriak nabarmen gutxitu arren, oraindik ibaiaren ibarretan pilatutako zaborra eta zikinkeria areagotzen ari da.
Honako herriko talde hauek hartuko dute parte ekimenean: Zero zabor taldeak, Munibe ikastolako guraso elkarteak, Anaitasuna futbol taldeak, Baratzan dantzan kontsumo taldeak, Atletismoko taldeak, Matadeixek, Ehiza eta Arrantza taldeak, Zubiola empresak, Fracking ez taldeak, Piztu taldeak, Urola Institutuak eta Artxamendi topalekuak.
Horrez gain, norbanakoak ere gerturatzea espero du Udalak, izan ere,"ekimen honen helburua, ingurumenaren alde egitea da, gure ibaia garbi mantenduz eta zikintzen duten ekintzak salatuz eta auzolanean egitea posible dela erakustea". 9:30ean plazan elkartuko dira parte hartzaileak, eta Udalak bakoitzari dagokion tokia zehaztu ondoren, materiala banatuko du: plastikozko poltsak eta eskularruak.
Zapatilla zaharrak edo katiuskak eramatea gomendatu dute. Zaborra bildu ondoren, brigadak jasotako zaborra plazan utziko du eta astelehenera arte egongo da bertan.
"Honen helburua, ibaia zikina egotearen zenbait jokaera salatzea da". Bukatzeko, 12:00ak aldera hamaiketakoa egingo dute herriko plazan.