Uztailean eman zuen Bagaudia taldeak bere buruaren berri, John Hollowayren Kapitalaren aurka eta haratago. Eztabaida ireki bati buruzko gogoetak liburua aurkeztu zuenean. Harrez gero izan dugu taldeak abian jarritako blogaren berri ere, eta hemen duzue haien berri gehiago:
-Zer talde da Bagaudia eta nolatan sortu zen?
Taldearen sorreran, Matadei bueltan tarteka biltzen zen irakurketa talde moduko dago. Hortik, ondoren, zerbait konkretuagoa egiteko ideia sortu zen, itzulpenarena, hain zuzen. Horrek gaietan gehiago sakontzea eta aldi berean euskaraz aurkitzea hain erraza ez den lanak euskaraz emateko bidea ekarriko zuela pentsatuta.
-Izen bereko blogaren goiburuko latinezko esaldiak (qui adhuc bacaudae non sunt, esse cogantur) zer lotura du taldearekin?
Esaldi hori Salviano Marsellakoak idatzi zuen 440. urte inguruan, iskanbila bagaudak pil-pilean zeuden garaietan. Itzulpena edo, hauxe da: oraino bagauda ez direnak, izatera derrigortuta daude. Bagaudia izenarena bukaeran etorri zen. Liburua kaleratzearekin izen bat jarri behar zitzaiola, eta, polita dela irizteaz gain, egokia iruditu zitzaigun Bagaudia hori gogora ekar dezazketen gertaera eta egoerekin, gaur egun izan dezakeen potentzialitatearekin, taldearen konfigurazio berarekin, etab. Latinezko esaldiarena, ba, blogaren azpititulu bezala jarrita dago. Umore kontu bat ere bada, latinkadak gustoko izatearena, estetikoa ere bai ia, kar kar. Horrezaz gain, ongi datorkiola ere ematen du.
-Zer asmorekin sortu duzue taldea?
Ez dago egitura edo programa zehatzik bere horretan. Asmoa, nolabait, kolektiboki lan eginez, gaur egun, teoria kritikoan eta kapitalismoaren aurkako borrokan, hausnarketarako nolabaiteko balioa duten ekarpen kritikoak, eta iraultza moduak pentsatzera eraman gaitzaketenak euskarara ekartzea, eta, zergatik ez, gai hauetan euskarazko korpus edo mapa kontzeptual berri bat sortzera bidean ekarpena egitea edo izango litzateke, gauza hagitz serioa badirudi ere.
-Blogean parte hartzea irekia al da erabat? Edonork bidal dezake mezua edo idatzia bertara?
Bai, printzipioz bai. Ez da erraza blog bat dinamikoa eta anitza izatea. Horrek jendearen parte-hartzea eskatzen du. Erantzunak eta emateko aukerak eztabaidarako bide ematen du, eta hori da blogarekin besteak beste bilatzen dena. Idatziren bat bidali nahi duenak bagaudia@inventati.org helbidera bidal dezake.