Aitor Arruti Rezabal: Ekaitzaren oldarra

Aitor Arruti Rezabal 2014ko ira. 12a, 07:11

Irudia: Erlantz Ortiz

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-31

Baketsu eta jostalari dabil aitona igerilekuan zortzi bat urteko ilobarekin. Ezagun du euskara ez duela jatorrizko hizkuntza, baina hala ere hainbat esaldi eta hitz euskaraz esan dizkio mutikoari, goxo, igerian zipriztindutako jolas alaian. Ilobak ere apal hitz egiten du, ez da oihuka mintzo den mutil koxkor horietakoa.

Igerileku ertzera joan dira halako batean, erdian nahiko jolas egin ondoren, nonbait. Hartan, gizon gazte bat joan zaio aitonari, eta hala bota dio espainiera zakarrean:

-Nahikoa duzu, e, nire semeari zaplaztekoa ematen!

-Nola? Kolpea… nik?

-Ez, zera! Ni izan al naiz ba? Bai, zu, nahikoa da, e!

-Ez naiz konturatu… ni izan al naiz? –erantzun du harrituta aitonak, totelka. Eta berehalakoan barkatzeko eskatu dio gizonari, egoerak gain hartuta, nahita egin gabeko kontuengatik ere barkamena eskatu beharko bagenu bezala.

Eta iruditu zait, gizon gaztearen oldarra ikusita, haren gorputza bulkatu duten hormonen artean testosterona maskulinoa izan zitekeela erantzuleetako bat.

Eta neure buruari galdezka hasi naiz: eszena berdin gertatuko al zen protagonistak, gizon gaztea eta aitona izan beharrean, andre gazte sumindua eta amona sosegatua izan balira?

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide