Azkoitiko Triatloi Taldeak antolatuta hirugarren urtez jokatuko da Azkoitia-Azpeitia kirol erronka, Azkoittiko tabernaixek elkartearen babesarekin. Orain artekoan, garaipen bana dute bi lehiakideek, eta kitarakoa izango da zapatuan Plaza Berrian 18:30ean jokatuko dena.
Lehenengo urteko ibilbidea berreskuratuko dute aurten antolatzaileek: Plaza Berria, Herriko plaza, Kale Nagusia, gasolindegia, Eroskiko biribilgunea, Munategi, Santa Kutz eta Plaza Berria, 4,3 kilometro guztira. Korrikalariek itzuli bat eta txirrindulariek bi itzuli eman beharko dituzte.
Herri bakoitzeko bina kirolarik hartuko du parte erronkan, Pedro Muñoz antxintxika eta Mikel Elorza bizikletan Azkoititik, eta Xabat Manzisidor laistreka eta Unai Iparragirre bizikletan Azpeititik.
Gainera, aurtengoan musikaz girotutako I. Euskal Artisau-Garagardo Dastaketa izango da plazan zapatuan bertan, Azkoittiko tabernaixen eskutik. 19:00etan hasi eta gauerdira arte, Euskal Herriko hainbat lekutan ekoitzitako garagardoa eskainiko dute plazan: Gross (Gipuzkoa), Zerb (Gipuzkoa), Laugar (Bizkaia), Drunken Bross (Bizkaia), UG Noster (Araba) eta Naparbier (Nafarroa). Dastaketa musikaz jantziko du, bestalde, Eingo al deu taldeak, 19:30etik 21:00etara eta 23:00etatik 01:00etara.