Buelta. Jokoetan araua bete ez denean berriro hasi.
"Buelta da, sakik etzun balixo ta".
`¿Susto o muerte?' dio txiste baten hasierak. Aukera horixe eman die Zumarragako Arcelor Mittal enpresak (Orbegozo, Urola inguru hauetan) bere 375 langileei, eta, ondorioz, Urola Garaiko gizarteari eta erakundeei.
Astebeteko tartearekin bi albiste iritsi zaizkigu:abuztuaren 29an, enpresak langile batzordeari jakinarazi zion urriaren 1ean itxiera mugagabea izango zela. Diotenez, salmenten jaitsiera eta kostuei aurre egiteko zailtasunak omen daude itxieraren arrazoien artean. Baina handik egun gutxira, irailaren 4an, fabrikak zabalik jarraituko duela adierazi du lantegiko zuzendaritzak, CCOO, ELA eta UGT sindikatuekin akordioa lortuta. Lan baldintzen “malgutasuna” bermatuta, bosgarren lan txanda abian jarri dute irailaren 7an, eta seigarren txanda bat ere aurreikusten da. Bien bitartean, LAB sindikatuak bakarrik hitz egin du garbi, auzia definituz: xantaia.
Langileak kate motzean lotzeko jokaldia ondo diseinatuta dute bulego eta soldata handiegiak dituzten nagusi barregarri horiek. Bat ere graziarik ez duen txistea kontatu digute eta orain guri dagokigu bi aukeren artean hautua egitea ala beste aukera asko ere badaudela jabetzea eta aurrera egiteko ausardia izatea.
“Nagusia kaleratu!” esaldia akordarazi dit honek guztiak, Avi Lewis eta Naomi Kleinek zuzendutako 'The take' (Kanada, 2004) dokumentalaren leloetako bat zena:
https://www.youtube.com/watch?v=bpRjxJH6qQc
Txisteari bukaera berria asmatzeko garaia da: sustoa ala heriotza? Borroka.
Irene Elorza