Atez-atekoaren aurkako plataformak herri galdeketaren alde 1.680 herritarren sinadura aurkeztu ondoren, herri galdeketaren eskaeraren inguruko bozketa izan zen atzoko Udal bilkuran.
EAJ-k eta PSE-k alde bozkatu zuten (6) eta Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren (9 abstentzio guztira), parte hartzeko bidea den herri galdeketari ezezkorik ez ziotelako eman nahi. Horrenbestean, hondakinak biltzeko ereduei buruzko herri galdeketa egingo dela adierazi zuen Bilduko gobernuak, data jakinik aipatu gabe, 2013ko uztailean onartutako baldintzak beteko dituzten ereduen artean betiere: %70eko birziklapen tasa, birziklatzea derrigorrezkoa izatea, edukiontzi grisari ateak itxita.
Azkoitia Bai prest agertu zen herri galdeketaren galdera adosteko, eta horretarako Atez-atekoen aurkakoak irailean egingo den Hondakinen Mahaiko jarraipen batzordera etortzera gonbidatu zituzten beste behin ere.
Bestalde, Atez-atekoaren aurkako plataformako kiderik ez zen agertu beraien izenean egindako eskaerari bide ematera.