Legearen erreforma ondorengo arauak
Oharra bidali du Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB), honako hau jakinaraziz:
Joan den ekainaren 13tik abian da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legearen erreforma. Erreformak kontsumitzaileen babeserako araudia nabarmen aldatu duenez, Azkoiti eta Azpeitiko kontsumitzaileen bulegotik aldaketa hauetako batzuen berri eman nahi da:
1-Kontratazio telefonikoa: Era honetan egindako kontratuetan arazo
asko eta asko sortzen dira. Azkoitiko eta Azpeitiko kontsumitzaileen bulegoan aurkezten diren erreklamazioen kopuru handi bat kontratatzeko era honetan datza. Erreforma honek lortu nahi duena da kontsumitzailea jabetzea zertan ari den, horretarako ezarri dituen neurrien artean aipagarriena honako hau da: enpresa kontsumitzailearekin harremanetan jartzen bada kontratu bat eskaintzeko, eskaintza hau idatziz edo beste edozein euskarri iraunkorretan bidali beharko dio, eta kontsumitzaileak sinatu edo kontratu horrekin adostasuna adierazi beharko du posta elektronikoz, faxez edo sms bidez, kontratua loteslea izan dadin.
2-Fakturak paperean jasotzeko eskubidea du kontsumitzaileak, eta horrek ezin dio kontsumitzaileari inolako kostu gehigarririk eragin. Fakturazioa elektronikoa izateko, kontsumitzaileak adostasuna adierazi behar du, eta gainera edozein unetan eska dezake berriro ere fakturazioa paperean izatea.
3-Urruneko kontratuak eta saltokitik kanpokoak, hala nola, etxean sinatzen direnak, 14 egunetako epearen barruan deusezta daitezke. Epea zabaldu du erreformak: lehen 7 egun ziren eta orain 14 izango dira. Kontratuari lotutako ondasunak jasotakoan, edo, zerbitzu bat bada, kontratatu dugun zerbitzua gauzatzen den unetik aurrera kontatzen hasiko dira 14 egun horiek. Kontsumitzaileari enpresak eman behar dio deuseztatzeko eskubide honen berri, nola eta noiz egin dezakeen. Gainera, informazio hori eman ezean, kontsumitzaileak 12 hilabete gehiago izango ditu atzera egiteko eskubidea gauzatzeko.
Erreforma horrek beste gauza batzuk ere aldatu dituenez, edozein zalantza argitzeko jo KIUBera Azkoitian astearte eta ostegunetan, Kale nagusiko 60-62 zenbakian, 4. solairuan, 10:00etatik 14:00etara, eta Azpeitian astelehen, asteazken edo ostiraletan Enparan Kalean 1.2 solairuan, ordutegi berberarekin.