Herriko gazte lokaletako kideekin izandako aurreneko bilerarekin ‘oso gustura' dago Udala. Inaxio Gorosabel eta Agurtzane Epelde zinegotziak, udaltzainak eta 90 gazte inguru bildu ziren bilera horretan (16 lokaletako ordezkariak), lokalen inguruko egungo araudia aztertu eta udalak egin nahi duen ordenantza bereziaz hitz egiteko.
Azkoitiko gazte lokalen inguruko ordenantza berria egitekotan da Udala udazkenetik aurrera. Bitartean, ordea, gutxieneko batzuk adostea ezinbestekoa dela adierazi zien gazteei.
Besteak beste, lokaletatik kanpora aulkiak, mahaiak, edo bestelako materiala kanpora aterata oinezkoei egiten zaien oztopoaz aritu ziren, musika aparatuen erabileraz, eta baita gazte lokalen ordutegiaz eta ateak eta leihoak itxita egoteaz ere.
Lokaletan biltzen direnek betebehar batzuk dituztela gogora arazi zieten Udaleko ordezkariek gazteei, baina horrekin batera eskubide batzuk ere badituztela aipatu zieten, eta eskubide horiek bermatzeko Udalak bere ahalegina egingo duela ere bai. Besteak beste, lokalek ura edukitzeko araudia aldatzeko prest agertu zen.
Gazteek ere izan zituzten euren ekarpenak eta galderak, eta hondakinak biltzeko sistema berrirako materiala non eta nola jaso galdetu zuten. Horrekin batera, eurek izandako arazo batzuk ere jakinarazi zizkieten udal ordezkariei: besteak beste, telebista kablea moztu dizkietela zenbaiti esan dute, eta horrelakoetan nola jokatu ere galdetu dute.
Bilera hau gazte lokaletako kideekin izandako aurrena da eta elkarlanerako bidea irekitzeko balioko duela uste du Udalak. Izan ere, gazte lokalen inguru ordenantza gazteekin eurekin kontrastatuta egin nahi du udazkenetik aurrera,eta horretarako bilera gehigo egitea aurreikusi du. Iragan osteguneko bilerara etorri ez ziren lokaletako ordezkariak ere parte hartzera animatzen ditu.