HONDAKINEN LANTALDEA: "ADOSTUTAKO SISTEMA EGOKIENA DA MISTOA"

Maxixatzen.eus 2014ko uzt. 11a, 08:35

Urola Kostako Hitza

Hilaren 22ko gauean birziklatu ezin den errefusa atez ate jasotzen hasteko ia dena prest denean, prentsaurrean agertu zen atzo arratsaldean Hondakinen mahaiko lantaldea hainbat kontu argitzeko.

Eskerrak eman zizkieten "Azkoitiarentzat sistema egokiena adosteko" bi urteko prozesu irekian parte hartu duten herritarrei. Datorren astean abian jarriko den sistema mistoaren bitartez, "plenoak onartutako helburuak lortzea (2014an %70eko sailkatze maila lortzea eta errefusari ateak ixtea, besteak beste) eta mahai gainean zeuden proposamen guztiak kontuan hartuta adostasun handienera iristea" dagoeneko gauzatu dela uste dute.

Herrian sortu den gaiztotutako giroa dela eta, zenbaitek gezurrak erabili dituela adierazi dute, eta gezur handiena sistema berria inposatutakoa dela esatea. "Luze eta sakon eztabaidatu ondoren, eragile bakoitzak mahai gainean jarritako aukera guztien elementuak biltzen dituen sistema bat martxan jartzea erabaki zen". Horretarako, mahaiakide guztiek onartutako joko arauak hartu zituzten aintzat: Plenoko helburuak lortzea bermatzen duen sistema bat ezartzea eta, akordioaren alde, norbere posiziotik mugitzeko prest egotea.

"Norberaren posizioetatik mugitu garenok adostu dugu erdian kokatzen den eta aukera guztiak kontuan hartzen dituen sistema". Diotenez, mugitu ez direnak dira akordiotik kanpo  eta orain herri galdeketa eskatzen ari direnak. Argitu nahi izan dute hasieran mahaiko kidea den Azkoitia bai sistemen inguruko herri galdeketa egitearen aldekoa zela, baina luze eztabaidatuta eta adostasuna lor zitekeela ikusita, galdeketa alboratzea erabaki zutela, "parte hartze ariketa bat egiten ari ginelako".

Galdeketa eskatzen ari diren plataformako kideek parte hartzeari uko egin bazioten ere, "adostutako sistemak kontuan hartu ditu haiek egindako eskariak (5. edukiontzia txipakin; sortzaile handiei hondakinak gaika jaso, zakarrontziak moldatu, edukiontzi gehiago jarri.....)". Parte hartze prozesu luzea bukatuta, orain erreferenduma egiteko eskatzeak dagoeneko "ez du inolako zentzurik". Euren ustez, "aldaketa martxan dago eta herritarrak aukera izan behar dute sistema berria probatzeko". Horren harira, irailean jarraipen batzordea osatuko dela eta, azpimarratu dutenez, "beste batzorde ireki bat jarriko da martxan udazkenean eta bertan norbanako, alderdi eta eragile guztiek parte hartu ahal izango dute". Horrela, sistema berria aztertu ahal izango da, behar diren aldaketak egiteko, eta "berriro ere gonbidatzen ditugu orain arte kanpoan gelditu diren guzti horiek batzorde horretara batu eta parte hartzera".

Azkenik, sistema berriari aukera bat ematera animatu dute jendea,  % 70eko birziklapen tasa lortzeko bidean, dagoeneko birziklatzen duenarentzat ezer gutxi aldatuz, "orain arte birziklatu ez duenarentzat hauxe da horretan hasteko aukera paregabea".

 

eta ekin lanari!!!!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide