Hamabost egun barru, hilaren 22an, hasiko gara birziklatu ezin den errefusa atez ateko posteetan jartzen. Astearteetan izango dugu aukera, gaueko 20:00etatik 00:00etara bitartean. Horrela, edukiontzi grisa desagertu egingo da, eta orain arte bezala hondakin organikoa edukiontzi marroietan jasoko bada ere, txartel bat beharko da haiek irekitzeko. Txartela beharko da, bestalde, pardelak jasotzeko edukiontzi bereziak zabaltzeko ere, eta gainontzeko edukiontzi guztiak orain arte bezalaxe erabiliko dira.
Udalak hondakinen sistema berriaren informazioa zabaldu eta gizarteratzeko prozesua amaitu berritan, sistema berria martxan jartzeko beharrezko azpiegiturak prestatzen eta helarazten ari da orain. Hilaren 22an aldaketa egin bitartean, herritarrei beharrezko material guztia banatzeko, hona hemen egunak eta orduak: Elkarguneko areto handian uztailaren 16, 17, 18an 10:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara eta 19an 10:00etatik 14:00etara, kubo grisa, edukiontzi marroia irekitzeko txartela eta egoki birziklatzeko gida banatzeko. Herritar guztiek jaso beharko dute materiala, eta horretarako ezinbestekoa izango da egun hauetan gure etxeetan jasoko dugun eskutitza eramatea, gutun horretan baitago bakoitzari dagokion zenbakia, eta horren arabera banatuko baitzaio kubo grisa eta txartela.