Hona hemen hilaren 22an abiaraziko den hondakinak biltzeko sistema berriaz Udalak bidali digun ohar-sorta:
Apirilean jakinarazi bezala, hondakinak biltzeko eredu mixtoa jarriko dugu martxan uztailean. Aldaketa sinplea eta erraza izango da: edukiontzi grisa gure kaleetatik kendu egingo dugu eta errefusa (birziklatu daitekeen guztia ondo sailkatu ondoren geratzen den hondakina) atez ate bilduko dugu, astearteetan. Hondakin organikoa, berriz, edukiontzietan jasoko da orain arte bezala, baina edukiontzi horiek txartel bidez irekiko dira. Bestalde, pardelak jasotzeko edukiontzi berezia jarriko dira, hauek ere txartel bidez irekiko direnak. Gainerako edukiontzi guztiak orain arte bezala erabiliko dira, aldaketarik gabe.
Hondakinen sistema berriaren informazioa zabaldu eta gizarteratzeko prozesua amaitu berri du Udalak. Ehunka herritar eta eragilerekin bildu da sistema mistoaren inguruko informazioa eman eta zalantzak argitzeko eta euren ekarpenak jaso, aztertu eta erantzun egin dira.
Behin lan hori amaituta, sistema berria martxan jartzeko beharrezko azpiegiturak prestatzen eta eskuratzen ari da orain eta, ondo bidean, uztailaren 22an egindo da aldaketa. Egun hori iritsi bitartean, beharrezko material guztia banatuko zaie herritarrei, eta banaketa hori egiteko egunak eta orduak zehaztuta daude jada:
Uztailaren 16, 17, 18 eta 19an honako materiala banatuko zaie herritarrei: kubo grisa, edukiontzi marroia irekitzeko txartela, eta behar bezala birziklatzeko gida bat, informazio guztiarekin. Material hori herritar guztiek jaso beharko dute, eta horretarako ezinbestekoa izango da datozen egunetan norberak bere etxean jasoko duen gutun bat eramatea: gutun horretan herritar bakoitzak berari dagokion zenbaki bat jasoko du eta horren arabera banatuko zaio kubo grisa eta txartela.
Materialaren banaketa: kubo grisa, txartela eta gida
Egunak: Uztailak 16, 17 eta 18
Ordutegia: 10:00etatik 14:30era /17:00etatik 20:00etara
Eguna: Uztailak 19 (larunbata)
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara
Lekua: Elkarguneko areto handian
Oharra: hondakin organikoak jasotzeko kubo marroia dagoeneko ari da banatzen udala, eta oraindik eskuratu ez dutenek Herritarren Informazio Bulegoan egin dezakete, uztailaren 19a baino lehen.
Behin materiala banatuta, uztailaren 16ean edukiontzi grisak kaletik kentzen hasiko da Udala eta horrekin batera, pardelentzako edukiontziak jartzen ere bai. Horrez gain, oraingo edukiontzietan beharrezko egokitzapenak ere egingo dira.
Aldaketa ahalik eta errazen egiteko beharrezko baliabideak jartzen jarraituko du Udalak, eta gogora arazi nahi du edozein zalantza edo galdera argitzeko Herritarren Informazio Bulegoa zabalik dagoela egunero, herriko plazan.
KRONOGRAMA:
Uztailaren 7ko astean etxe guztietara eskutitz bat iritsiko da materialaren banaketa noiz eta non izango den zehaztuz. Gutun horretan, herritar bakoitzak berari dagokion zenbakia jasoko du.
Uztailak 16: edukiontzi grisak kaleetatik kentzen hasiko dira eta pardelenak jarriko dituzte.
Uztailak 16,17,18,19: Material banaketa egingo da Elkargunean(Kubo grisa, txartela eta gida)
Uztailak 22 (asteartea): errefusa atez ate biltzen hasiko gara. Kubo grisa txintxilikaroan utzi behar da 20:00etatik 24:00etara bitartean.