Gaur, uztailak 4, Azkoitiko Koldarrak Antzerki Taldeak azkeneko aldiz emango du “Izan bedi emakumea” antzezlana Baztartxo antzokian 22:00etan. Antzezleak Alberto Agirrebeña, Gaizka Astigarraga, Itziar Elías, Naroa Epelde eta Koldo Campos izango dira.
“Izan bedi emakumea” Koldo Camposek idatzitako antzezlana da, Jose Luis Otamendik euskaratu aurretik, “Hagase la mujer” izenarekin Latinoamerikan zehar hainbat konpainiak antzeztutakoa. Koldo Campos egileak berak zuzenduko du antzezpena oraingoan ere. Antzezlana paradisuan kokatutako fikziozko komedia da.
Ekitaldi bakarrean, paradisuko etxeko lanez eta giza ugalketaz arduratuko den gizakia sortzeko asmoan, jaungoikoa eta gizonaren arteko arazoak kontatzen ditu. Emakume bat kontratatzea erabakita, arazoak korapilatu egingo dira, batik bat Emakumeak aitortzen duenean bera ez dela espero zuten “emakumea” eta hura ez dela berak espero zuen paradisua.