AITOR ARRUTI: PLASTIKOA ETORKIZUNERAKO IKUR?

Aitor Arruti Rezabal 2014ko mai. 28a, 07:07

Plastizkozko poltsak

 KOADERNO BERDEKO POSTALAK-25

Zerbait erostera zoazenean,

gehienetan plastikoa hartuta irtengo zara dendatik.

Plastikozko zabor piloa osatuko zaizu

erosketa handi samarra egin duzun bakoitzean.

Plastikozko poltsetan sartuko duzu plastikoa,

plastikozko edukiontzi horira botatzeko.

Plastikozko hondarrak ikusiko dituzu

erreka bazterretan, basamortuetan, mendi gainetan.

Plastikozkoa da gure itsasoetan igerian dabilen

zortzigarren kontinente hilgarria.

Plastikoarekin bildutako bizimodua

ez da izakiontzako bizimodu.

Plastikoak ito egiten du arnasa,

hil egiten ditu izakiak.

Plastikoa aukeratu beharra al dugu

gure aldarrikapenak aireratzeko ikur?

Plastikotan bildua al da

bizi nahi dugun oraina, eraiki nahi dugun geroa?

Plastikozkoa al da

gure ondorengoei utzi nahi diegun ondarea?

 

Aitor Arruti Rezabal

 

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide