IRENE ELORZA: TXANBOLINK-38

Irene Elortza 2014ko api. 24a, 07:35

Txanbolink-38

Barruko estimintze. Nahigabea. "Barruko estimintzek eztitt lorik eitten lagatzen".

Rafael Chirbesi zor diot oroitzapena berpiztea. ‘En la orilla’ bere liburuko pasarte honek haurtzarora bueltatu nau une batez: “El marjal, en su descuidado abandono, me devuelve a la intimidad, me lleva a pensar en las cabañas que nos hacíamos de niños para resguardarnos de las miradas de los mayores, sitios fuera de cualquier vigilancia en los que establecíamos nuestro propio sistema de leyes, juegos más o menos prohibidos bajo la mesa camilla cubierta con el faldón, debajo de la cama, en el interior de un armario grande. Puedes construírte en el marjal tu propio mundo fuera del mundo.”

Amak sukaldean zeukan Singer josteko makinaren mahaiaren azpian ezkutatzea gustatzen zitzaidan niri. Altzariak bazuen horrelako txoko ezkutu bat non makinaren pedala eta bolante itxurako gurpil moduko bat zeuden. Auskalo zer bidaia egiten nituen nik bolante hari eraginda! Batzuetan kotxea zen, eta nik hala nahi nuenean, tren luzea. Ez nuen inoren beharrik jolasean aritzeko. Neure irudimena nahikoa zen aparteko mundu bat sortzeko eta helduengandik ezkutatzeko. Gainera, lagunik onena zen irudimena. Ordu jakin batean etxera itzuli beharrik ez zuena, sekulan haserretzen ez zena, lagun jostalari eta fidela.

Gaur egun, ez ote dut aurkitzen liburuetan lehen ezkutuko txokoetan bilatzen nuena? Beste mundu batzuk sortzen dira nire begien aurrean eta bidaia horretan neure burua eta besteena ezagutzen joaten naiz. Hutsik egin gabe. Isiltasunak babestuta.

Horregatik, itxi berri duten Iratzar liburu-dendaren erakusleihoa guztiz estalita eta atea itxita ikusten ditudanean barruko estimintzea sentitzen dut, pixka bat babesgabeago. Amak bordatzeari utzi eta josteko makina sukaldetik erretiratu zuen egunean bezalaxe.

http://www.katakrak.net/

Irene Elorza

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide