Azken egunotan herrian ustez izandako eraso sexistak direla eta, honakoa adierazi nahi du Udalak:
- Gertatutakoa argitzeko ahaleginetan, Udala elkarlanean ari da Ertzaintzarekin. Herritar batek salaketa jarri du eta hori ikertzen ari da Ertzaintza, eta ikerketa horretan laguntzeko, ustezko erasotzailearen inguruan duen informazioarekin txosten bat prestatzen ari dira udal teknikariak.
- Udalak argi utzi nahi du era guztietako eraso sexisten kontra dagoela eta emakumeen kontrako indarkeria orori aurre egiteko ahalik eta baliabide gehien jartzen dituela. Emakumeen kontrako indarkeria arazo sozial bat da, eta horri aurre egiteko beharrezko erremintak indartzen ari da: besteak beste, protokolo bat martxan da, eta prebentzio politikak eta autodefentsa feminista lantzen ari da.
- Hala ere, gisa honetako gertaerak arraza eta komunidade ezberdinez haratago daudela uste du Udalak, eta horregatik, herrian arrazismoa eta xenofobia sustatzeko ez baliatzeko eskatu nahi die herritarrei. Estatistikek argi erakusten dute erasotzaileen profilak ez duela zerikusirik arraza, adin edo maila sozialekin, eta lotura okerrak egitea arriskutsua izan daiteke elkarbizitzarentzat.
Azkoitiko Udala