ELKARRIZKETA: MINTZANETEKO SARIDUN IZASKUN ARRIETA

Maxixatzen.eus 2013ko abe. 16a, 07:45

Izaskun Arrieta Santi Onaindia

 

Internetez euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen du Mintzanetek, eta Mintzanet sariak antolatu ditu aurten egitarauko bidelagun (laguntzaile) eta bidelari (laguntza jaso duen pertsona) jendearen ahalegina saritzeko.

Lehenengo aldi honetan, Izaskun Arrieta azkoitiarrari  eman diote bidelagun onenaren saria eta Jose Ramon Onandia getxoztarrari bidelari onenari dagokiona.         

Zer irizpide erabili dituzte Mintzanetekoek bidelagun eta bidelari onenak saritzeko?

Hori nik ez dakit. Niri mezua bidali zidaten esateko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Mintzanetek urtebete egingo zuela. Hori zela eta Donostiako San Telmo museoan egingo zen Mintzodromoan parte hartuko zutela, eta, gainera, 1 Mintzanet sariak emango zituztela. Epaimahaia osatu zutela Etxepare Institutuak, Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Mintzanetek, eta pentsatu zutela ni izatea saritu nahi zuten bidelaguna urte honetan egin dudan lanagatik.

Indar berririk eragin al dizu sariak bidelagun lanean jarraitzeko?

Jakina.  Sariak ez dira egunero jasotzen eta  hainbeste lagunen aurrean horrelako eskertza jasotzea, ba, poztekoa da. Hala ere, saririk onena bidelariak, astez aste, gustura ikustea da, eta  ikaste horretan aurrera nola egiten duten ikustea.

Nolakoa izan zen ekitaldia? Zer egin zenuten bertan?

Ekitaldia Donostiako San Telmo museoan izan zen. Goizeko hamarretan joateko esan zidaten eta hala joan nintzen hiru lankidek lagunduta. Aretoa jendez gainezka zegoen, Bagera Elkarteak  Mintzodromoa antolatua  baitzuen. Mintzodromokoek hizketan jardun zuten bitartean nik zuzeneko saioa egin nuen beste sarituarekin, Getxoko Jose Ramon Onandiarekin. Ondoren etorri zen sari banaketa. Sariak emateko ekitaldia Maramarako zuzendariak, Ritxi Lizartzak, gidatu zuen. Lehenik Jose Ramonen mintzalagunak, Pili izeneko emakume batek,  jaso zuen haren diploma, eta ondoren nik. Bazen han jendea, oholtza gainean, eta guztiek eman zidaten saria. Oker ez banago, han izan nituen nire lana eskertzen, Jokin Azkue (Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria), Joseba Erkizia (HABEko zuzendari nagusia), Gotzon Egia (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzako zerbitzuburua), Irene Larraza (Etxepare Institutuko komunikazio arduraduna), Leire Gaceo (Eusko Ikaskuntzako Euskararen Nazioarteko Egunaren koordinatzailea) eta Mintzaneteko Cristina Tapia.

Sariak jaso nituenean hitz batzuk egiteko eskatu zidaten eta halaxe egin nuen. Izena emateko esan nien, laguntzaileak behar direla eta. Jende asko dagoela zain. Ondo pasako dutela eta lagun berriak egingo dituztela.

 Zer esango zenieke azkoitiarrei Mintzaneten parte hartzera anima daitezen?

Ba, Donostian esan nuen gauza bera, ondo pasako dutela eta lagun berriak egingo dituztela. Ez du ahalegin handirik eskatzen, ordu-erdiko saioak astean behin. Zeinek ez du ordu erditxoren bat besteei eskaintzeko!  Azkoitian, eta inguruko herrietan, gehienok euskaldunak gara, etxean jaso dugu euskara. Baina beste askok ez du horrelako aukerarik izan, inguruan ez dute euskaraz egiteko aukerarik. Ez dakizue ondo zein ahalegin egiten duten euskaraz hitz egiteko. Benetan esaten dizuet, eman ezazue izena,  azkoitiarrok laguntza handia eman dezakegu eta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide