AZKOITIKO EUSKARA MAHAIA: EUSKARAREN EGUNA GAUR

Maxixatzen.eus 2013ko abe. 3a, 00:37

Azkoitiko euskara mahaia

 

Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatuko da, eta horren harira egitarau osatua prestatu du Azkoitiko Euskara Mahaiak.

Ikasturte berriarekin batera, Euskara Mahaia sortu genuen euskararen inguruan herrian lan egiten dugun hainbat eragilek? Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Banaiz Bagara elkartea, Auzoko egitasmoa, Azkoitiko Xirikatzen Kultur Mahaia, Azkoitiko Udala, Xabier Munibe ikastola, Floreaga salestar ikastetxea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Azkoitiko AEK eta Urola Kostako Hitza egunkaria aldiro elkartzen gara, bakoitzak egiten duen lanaren berri izateko beharrak hala bultzatuta.

Euskararen Mahaiak emandako lehenengo fruitua izan da gaurko Euskararen Egunerako elkarlanean prestatu dugun egitaraua. Egun berezia izango da gaurkoa, baina euskara ez da urteko egun batera mugatzen. Beraz, aurten Azkoitian euskarak 365 egun. Geu izateko euskararen herrian lema izango dute ospakizunek, eta goiz eta arratsaldez euskararen aldeko aldarriak hartuko ditu Azkoitiko kaleak.

Hona egitaraua:

–        11:30ean, Azkoitiko ume eta gaztetxoek kalejira egingo dute herrian zehar. Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako ikasleek bost pankarta eramango dituzte, eta plazan

elkartuko dira guztiak. Egun horretarako prestatutako manifestua irakurriko dute ikasleek, eta Behin betiko abestiarekin eta Xabier Euzkitzeren Gure hizkuntza bertsoarekin osatuko dute

ekitaldia. Taldeko argazkia ere aterako dute.

–        17:00etan, mural margotzea izango da Udane Juaristi artistarekin, plazan.

–        18:30ean, Euskararen Egunerako manifestua irakurriko dute bi lagunek, plazan.

Euskara urteko egun guztietan bizi dadin, urteko egun guztietan euskaraz bizi daitezen eta astearteko ekitaldietan parte hartu dezaten animatu nahi ditugu herritarrak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide