EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA: EUSKARAK 365 EGUN

Maxixatzen.eus 2013ko abe. 3a, 05:05

365 egun euskaraz Azkoitian

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskaraz bizi, aldarrikatu, plazaratu, izan eta ospatzeko deia egin dugu Euskaltzaleen Topagunetik, herriz herri antolatuta dauden euskaltzaleen elkarteetatik.

Aurten, Euskarak 365 Egun dituela aldarrikatu nahi dugu, euskaraz nonahi eta noiznahi aritu nahi dugula, baina orain eta hemen nahi dugula euskaraz bizi.  

Euskaraz bizitzeko hautua egin dugunon aldarrikapena da, baina aldarrikapenetik  haratago doana, ekimenetik eta antolakuntzatik asko duena. Euskaltzaleon hautua, hautu antolatua izan da urtetan; antolatzeko izan dugun bisioa hizkuntza komunitatearen garapenaren oinarrietako bat izan da: jakin dugu biltzen, elkarren arrimuan eragiten, hedabideak sortzen, euskarazko kulturgintzari bizia ematen, euskarazko hezkuntza antolatzen, aisialdia euskaraz bizitzeko guneak loratzen, helduak euskalduntzeko sarea osatzen eta transmisio mekanismoak martxan jartzen. Jakin dugu, batez ere, kolore anitzeko euskaltzaleentzat euskaltasunean oinarritutako espazio askeak egituratzen.

Hautu hori egin dugun euskaltzaleok osatzen dugu euskararen herriaren muina eta erantzukizunez jokatzen jarraitzea dagokigu.

Gure esku dago euskararen herria osatzen jarraitzeko baldintzak sortzea.

Euskaltzaleon ekarpena behar beharrezkoa izango da etorkizunean ere, inoren zain egon gabe, jarraitu behar dugu espazioak sortzen eta geureganatzen,

harreman sareak ehuntzen, ardurak eskatzen eta hartzen, botereguneetan eta

inguru hurbilenetan eragiten. Euskaltzaleen esku dago euskararen herriaren

garapena: herrian antolatzen diren euskaltzaleen esku, administrazioetan erabakiak

hartzeko ardura duten euskaltzaleen esku, harreman sareak ehuntzen diharduten

euskaltzaleen esku, enpresatan lanean eta aginte organotan ari diren euskaltzaleen

esku, zure eta gure esku.

Plazara irten gaitezen, herria, kalea, plaza, euskaraz bete dezagun. Bizi gaitezen

euskaldun eta euskaltzale, geu izateko euskararen herrian.

 

Euskaltzaleen Topagunea

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide