ELKARRIZKETA KOLDO CAMPOSEKIN, MUTRIKUKO ANTZEZLANAZ

Maxixatzen.eus 2013ko aza. 22a, 07:01

 

Igandean Mutrikun Izan bedi emakumea

Datorren igandean, azaroak 24, Azkoitiko Koldarrak Antzerki Taldeak Mutrikuko Zabiel aretoanIzan bedi emakumea” antzezlana eskainiko du 19:00etan.

Antzezleak Alberto Agirrebeña, Gaizka Astigarraga, Itziar Elias, Naroa Epelde eta Koldo Camposen izango dira. Koldo Camposek idatzitakoa da antzezlana, gaztelaniaz, eta Jose Luis Otamendi poetak euskaratu zuen.

Koldok berak zuzentzen du antzezlana, eta hona hemen egin diogun elkarrizketa.

Zein gai jorratzen da Izan bedi emakumea antzezlanean?

“¡Hagase la mujer!” antzezlanean Paradisuan gertatutako zenbait arazo birsortzen da, bertako inaugurazioa atzerarazi zutenak, hain zuzen. Umore klabea erabiliz, Patriarkatuak eta Elizak emakumeari eman dion papera errepasatzen da bertan.

Zer dela eta idatzi zenuen, zer testuingurutan?

Beti motibatzen nauenak motibatu ninduen, Pirritx eta Porrotxek agurtzeko erabiltzen duten maxima horrek: “Sentitu, pentsatu eta ekin”. 1987 urtea zen, eta Dominikar Errepublikan bizi nintzen ni, sormen laguntzaile bezala lan eginez, hilean behin edo kanpainaren bat iristen zitzaion publizitate agentzia batean. Libre nuen denboran, ia denbora guztian, alegia, idatzi egiten nuen, antzerkia, poesia... Azkenean, handik hilabete pare batera publizitate agentziak ateak itxi zituen. Hala ere, “¡Hágase la mujer!” lanarekin dramaturgiako ateak ireki zitzaizkidan niri. Nire lehen antzezlana izan zen, eta hau esatea gero etorri zirenekiko itsusia bada ere, baita goraipatuena eta gehien antzeztutakoa ere, Latinoamerikan bereziki.Zer eratako antzerki taldea da Koldarrak?

Egia esan, ez dakit, eta ez nau batere kezkatzen. Amateurra edo profesionala bezalako kategoria engainagarriak ez zaizkigu guri egokitzen. Beharbada, gu garena horixe da, bizitzarekin konprometitutako lagun batzuk, antzerkian istorioak kontatzeko modu eder bat topatu dutenak, eta, gainera, jostagarriak izan daitezen ahalegintzen gara. Iruditzen zait horretxegatik pasatzen dugula hain ongi.

Izango al da lan hori Azkoitian berriz emateko aukerarik?

Bai, jakina. 24an Mutrikun izango gara, eta abenduan Zestoan eta Basaurin. Urtarrilean, antzezlan hau muntatzeko suerta litezkeen bestelako hitzorduez aparte, beste muntaia bat lantzen hasiko gara, eta orduan itxiko dugu Izan bedi emakumea , behin behinean izango bada ere, Azkoitian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide