MINTZALAGUN PROGRAMAKOAK KONTRAKO EZTARRIXE IRRATIAN

Maxixatzen.eus 2013ko aza. 11a, 13:12

Mintzalagunak Matadeixen

Joan den larunbatean, azaroak 9, euskaraz mintzatzeko Mintzalagun egitasmoaren aurtengo kurtsoko hasiera ofiziala egin zuten, zenbait mintzalagun talde irailetik biltzen hasita dauden arren.

Iazko jardun-urte hasieran Ruben Sudupe biologoarekin Azkoitia inguruko arbolak eta sendabelarrak ezagutzeko ibilaldia egin zuten, eta aurten Kontrako Eztarrixe irrati librea ezagutu dute mintzalagunek.

Matadeixen kokatuta dago irratia, eta Azkoitiko irrati libreko bultzatzaileek irratiko funtzionamendua eta filosofia azaldu zieten bisitariei. Ondoren, irratiaren azpiegitura erakutsi zieten. Irratsaioak egiteko egokitutako gela handia ez denez, talde txikietan pasatu ziren irratia ikustera. Gainera, batzuk mikrofono aurrean jarri ziren, eta euskara ikasten zergatik hasi ziren azaldu zuten.

Horretaz gain, bisitari guztiak gonbidatu zituzten irratilariek, nahi izanez gero, euren gustuko gaia edota Mintzalagun programari buruz irratsaioa egiteko. Irratsaio horren edukia, iraupena eta maiztasuna proposamena egiten duenaren esku utzi zuten, grabazioak egiteko laguntza teknikoa eskainiz.

Kontrako eztarrixe Azkoitiko irrati librea  FM 94. 2 frekuntzian jasotzen da. Igorgailu kontuak direla eta,  ez da egun Azkoitia osoan garbi entzuten. Baina irratizaleon asmoa da igorgailu berria  erostea, herri osoan garbi entzun ahal dadin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide